1.950 deskontu bonu kaleratuko dituzte Abadiñoko komertzioei bultzada emateko

Anboto 2021ko abu. 25a, 10:59

Bonuekin 5, 30 edo 40 eurora arteko deskontuak lortu ahalko dira. Irailaren 1etik aurrera ipiniko dituzte eskuragarri, udaletxean, Mediatekan, Traña-Matienako udal bulegoan eta Errota kultur etxean.

Abadiñoko Udalak herriko komertzio-sarea bultzatzeko kanpaina berria iragarri du. Irailaren 1etik aurrera 1.950 bonu ipiniko ditu herritarren eskura, saltoki txikiei eta tokiko ekoizleei egiten zaizkien erosketak sustatu guran. 50.000 euroko diru-poltsa bideratu dute egitasmora. Iñaki Rekalde ogasun zinegotziaren berbetan, "gertuko saltoki txikientzako laguntza garrantzitsua" da honakoa, besteak beste, "talde ahulagoei" babesa ematen zaielako.

Hiru bonu mota egongo dira:

  • Kolore berdeko bonua. 770 txartel kaleratuko dituzte 65 urtetik gorako herritarrentzat. Bonu hauekin 30 euroko deskontua eskuratu ahalko da. Horretarako baldintza 40 eurotik gorako erosketa egitea izango da.
  • Arrosa koloreko 600 bonu, lanik barik daudenentzat. Erabiltzaileak 40 euroko deskontua jasoko du, betiere, 50 eurotik gorako erosketa egiten baldin badu. Lanik barik daudenek bi bonu eskuratzeko aukera izango dute.
  • Bonu urdinak. 580 txartel ipiniko dira eskuragarri,18 eta 65 urte bitartekoentzat. Bonuagaz 5 euroko deskontua lortu ahalko da, baina horretarako ezinbestekoa izango da 10 eurotik gorako erosketa egitea.

Bonu guztiak izendunak izango dira. Hau da, txartela eskuratu gura dutenek NAN agiria erakutsi beharko dute. Lan barik daudenek, Lanbideren froga agiria ere aurkeztu beharko dute.

Txartelak non eskuratu

Abadiñar bakoitzak leku batean jaso ahalko ditu bonuak, norbera bizi den auzoaren arabera:

  • Udaletxean, goizez: Zelaietan, Muntsaratzen, Mendiolan Sagastan, Urkiolan, Gazteluan eta Amaiterminen bizi direnek.
  • Udal mediatekan, goizez eta arratsaldez: Zelaietan, Muntsaratzen, Mendiolan Sagastan, Urkiolan, Gazteluan eta Amaiterminen bizi direnek.
  • Traña-Matienako udal bulegoan, goizez: Gerediaga, Traña-Matiena, Lebario eta Astolako bizilagunek.
  • Errota kultur etxean, goizez eta arratsaldez: Gerediaga, Traña-Matiena, Lebario eta Astolako bizilagunek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!