Abadiñarrek urteroko ohiturari eutsiko diote. Zapatuan, hilaren 28an, Urkiolarako errogatiba egingo dute. San Rokeren irudia Andra Mariko ermitatik hartu eta Urkiolako santutegiraino eramango dute oinez. Ibilaldia goizeko 9:00etan abiatuko da. Gero, santutegian, meza eskainiko dute 11:30ean.
Errogatiba aspaldiko ohitura da, sorrera data jakinik ez duena. Udalak adierazi duenez, aspaldi, izurrite batek uztak kaltetu zituela-eta, herritar talde batek San Rokeren irudia Urkiolara eramatea erabaki zuen, santuari laboreen alde egin zezan erregutzeko. Egitasmoa Abadiñoko Udalak antolatu du Andra Mariko auzokideekin batera. Aurtengo errogatiba egunean ez da bestelako ekitaldirik egingo. Prozesioa, bakar-bakarrik.