N-634tik Trañapadurarako zubiaren eraikuntza finantzatzeko hitzarmena sinatu dute Abadiñoko Udalak eta URAk

Aritz Maldonado 2021ko uzt. 21a, 11:14

Matienako hirigunetik zirkulazio astuna ateratzea gero eta hurbilago dago. Azken osoko bilkuran, N-634 errepidetik industrialdera sartzea ahalbidetuko duen zubiaren eraikuntza URAgaz batera finantzatzeko akordioa onartu du Abadiñoko Udalak. Hitzarmen berriagaz, Uraren Euskal Agentziak bere gain hartuko du obren kontratazioa, zuzendaritza eta ikuskapen teknikoa.

Horrez gainera, aurrekontuaren heren bat inguru finantzatuko du; 516.144, 40 euro ordainduko ditu URAk. Abadiñoko Udalak, ostera, 1.211.365,34 euro ordainduko ditu. Horrez gainera, lurzoruen kudeaketaz eta lanak kontratatzeko behar diren lizentzia eta administrazio-baimenak lortzeaz arduratuko da.

 Mikel Garaizabal Abadiñoko alkateak erakundeen arteko elkarlanak proiektua aurrera ateratzeko gakoa izan dela azpimarratu zuen bilkuran. "Erakundeen arteko lankidetzari eta lanari esker proiektua desblokeatu ahal izan dugu, eta horri balioa eman behar diogu. Gaur egun aukera zehatza dago inguru horretako trafikoari behin betiko soluzioa emango dion zubi berrirako", azaldu zuen. Izan ere, proiektua "bi hamarkada baino gehiagoz" atzeratu dela azpimarratu zuen, baita ere. EAJren eta Abadiñoko Independenteen botoekin onartu zen hitzarmena.

EH Bilduren abstentzioa 

Abstentziora jo zuen EH Bilduk bozketa honetan. Erakundeen arteko elkarlanagaz ados egon arren, koalizio subiranistako kideek "ez dute ulertzen" nola utzi daitekeen "obrarekiko kontrola" beste erakunde baten esku. "Ondo ikusten dugu URAk ardura hartzea eta zati bat ordaintzea, baina ez dugu ulertzen Matiena auzorako eta Abadiñorako estrategikoa den proiektu baten kontrola beste erakunde baten gain uztea", azaldu du Mikel Urrutia bozeramaileak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!