Izpilikuak, Abadiñoko emakume gazteak saretu eta babesgune izan gura duen talde feminista

Maialen Zuazubiskar 2021ko uzt. 10a, 11:00

Apiril amaieran talde berri bat loratu zen Abadiñon. Herrian euren lekua topatzen ez zutela ikusita, herriko hainbat neska gaztek talde feminista bat sortzeari ekin zioten.

 “Martxoaren 8aren bueltan, Abadiñon beharrizan bat zegoela ikusi genuen, emakume gazteak saretzeko eta feminismoa herriko hainbat esparrutara hedatzeko. Orduan, herriko hainbat neska gazte batu ginen eta talde bat sortzea erabaki genuen”, azaldu du Irati Bazeta Izpilikuak taldeko kideak. "Ikusi genuen martxoak 8aren moduko egun batean ez zegoela babes espaziorik emakumeontzat. Eta hori aldatu beharra zegoela pentsatu genuen", jarraitu du Iraide Gulinek.  Horri irtenbide bat aurkitu guran, Abadiñoko hainbat neska gazte batzen hasi eta Izpilikuak taldea sortzeari ekin zioten.

Apiril amaieran, San Prudentzioen bueltan osatu zen taldea. Izpilikuaken helburua Abadiñoko emakume gazteak saretu, emakumeentzat babesgune bat izan eta herriko arlo askotan ikuspegi feminista txertatzeko sareak sortzea da. 

Harrezkero, hainbat dira eguaztenero-eguaztenero batzen diren emakumeak. "Taldea anitza da eta Abadiñoko emakume gazte ororentzat dago zabalik. Herriko neska guztiak gonbidatuta daude taldearen parte izatera. Izpilikuaken ateak zabalik daude, eta ongi etorriak izango zarete", azaldu du Maitane Garcia taldeko kideak.

Pozik harreragaz
Izpilikuakeko kideak "oso pozik" daude taldeak herrian izandako harreragaz. "Taldea aurkezteko, otzara bat zozkatu genuen, eta harrera bikaina izan zuen. Gainera, jende askok galdetu zigun ea zertan gabiltzan", jarraitu du Oihane Gulinek.

Ekainak 28
Historian lehenengoz, ekainaren 28an, Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunean, Abadiñoko kaleetan LGTB askatasuna aldarrikatzera irten zuten, Izpilikuak talde feministak eta herriko zeinbat eragilek deituta. Izpilikuakeko kideak "pozarren" daude herritarrek izandako erantzunagaz, eta oso eskertuta Abadiñoko elkarte eta eragileekin. "Ederra izan da. Aliantzak sortuz kaleetan harro jarraituko dugu", amaitu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!