Oihana Azkorbebeitia bigarren Kaiserkrone Skyrace mendi lasterketan, Austrian

Anboto 2021ko eka. 26a, 19:00
Oihana Azkorbebeitia -eskuman- Austriako proba irabazi duen Stephanie Kroll-ekin

Mendi lasterketen Skyrunning Munduko Kopak Austrian izan du geltokia zapatu honetan, Tirol estatuan, Scheffau herrian, hain zuzen ere.

Munduko Kopako proba berrietariko bat da, World Series-eko hirugarrena aurten, Mt Awa Skyrace (Japonia) eta Livigno Skymarathon (Italia) lasterketen ondoren, eta Oihana Azkorbebeitia Abadiñoko korrikalariak bertan ekin dio aurtengo Munduko Kopako ibilbideari. Eta primeran ekin ere, podiumera igo du-eta, bigarren helmugaratuta nesketan.

Korrikalariek 24,9 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute, 2.740 metro positiboko desnibelekoa, Tiroleko mendi ederren artean. Azkorbebeitia lasterketa buruan ailegatu da lehenengo mendi tontorrera (2.210 m.), baina handik aurrera bigarren joan da denbora guztian. “Ibilbideari dagokionez, lehenengo zortzi kilometroak izan dira gogorrenak, dena aldats gora, eta eroso ikusi dut neure burua. Nire gustuko lasterketa izan da, mendi-mendikoa, gogorra eta ez hainbeste korrika egitekoa, nahiz eta jaitsiera batzuk luzeegiak egin zaizkidan. Hala ere, ikaragarri gozatu dut paraje zoragarri hauetan. Tarte batzuk oso arriskutsuak ere izan dira, bigarren tontor handira ia hiru kilometroko via ferrata bat igarota heldu gara-eta, denbora guztian kable bati helduta. Zenbait korrikalari kasko eta guzti joan dira”, adierazi du Azkorbebeitiak. Bigarren tontor horretaraino begien bistan izan du lehenengo korrikalaria, Stephanie Kröll austriarra, baina jaitsieretan, harri artean eta oso ibilbide teknikoan, etxeko korrikalaria Azkorbebeitia baino abilagoa izan da, eta errekuperatu ezinezko tartea atera dio. Abadiñarra pozarren geratu da bigarren postuagaz. “Itzelean gozatu dut eta ez nuen hain emaitza ona itxaroten. Lasterketa hau Munduko Kopan sartu dutenetik izan dut begiz jota, eta, gainera, sekula ere ez naiz Austrian egon. Beraz, aitzakia ederra izan da Tirol aldea ezagutzeko. Pena bakarra dut Tabirako mendi lasterketa ere asteburu honetan dela, bihar, eta gogo handia nuen gure parajeetan parte hartzeko, iazko moduan. Ea datorren urtean”. Bada, penatuta edo ez, ez zaio damutuko, Austrian ez du hutsik egin eta.

Korrikalari abadiñarrak deneriko mendi lasterketak ezagutu ditu bere ibilbidean, baina Austriakoagaz bereziki liluratuta geratu da. “Ibilbidean denerik izan dugu: igoera gogorrak, harriz beteriko jaitsiera teknikoak, via ferrata ikaragarri luzea, zer ez! Benetan polita. Lasterketako track-ari begiratuta, ezagun du tenplau hartu beharreko lasterketa dela, indarra gorde beharrekoa. Horixe bera esan dit ostatu hartu dudan etxeko gizonak. Korrikalaria da, inguruko mendiotan asko ibilitakoa eta ondo ezagutzen du ibilbidea. Halakoei jaramon egin behar zaie, eta horixe egin dut, tenplau hartu eta itsutu barik lehiatu ”, gaineratu du korrikalari abadiñarrak.

Esan bezala, Stephanie Kröll austriarrak irabazi du lasterketa nesketan (4.12.44). Oihana Azkorbebeitia sailkatu da bigarren (4.21.51) eta Anna Strakova txekiarrak egin du hirugarren (5.00.21).

Mutiletan Christian Mathys suitzarrak irabazi du (3.18.50), Rui Ueda japoniarra izan da bigarrena (3.22.34) eta Jakob Hermann austriarrak osatu du podiuma (3.23.54).

Gaurkoagaz, Azkorbebeitiak bosgarrenez igo du podiumera Munduko Kopako proba batean. 2017an garaipena lortu zuen Buff Epic Trail lasterketan, Katalunian; eta hirugarren helmugaratu zen Ring of Steall lasterketan, Eskozian. 2018an bigarren sailkatu zen Buff Epic Trailen, berriro Katalunian, Barruera herrian; eta 2019an hirugarren egin zuen Royal Ultra SkyMarathon lasterketan, Italian.

Laugarren postuak ere poltsikoratu ditu Skyrunning World Series-en: Zegama- Aizkorri maratoian 2017an; Livigno Skymarathon proban, Italian, 2019an; eta Skyrace des Matheysins proban, Frantzian, 2019an.

Skyrunning Munduko Koparen hurrengo hitzordua Andorran izango da, uztailaren 25ean: Comapedrosa Skyrace lasterketa. Azkorbebeitiak han ere parte hartzeko asmoa du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!