Emakumeen taldea sortuta, Abadiño Sokatira Taldea inoiz baino indartsuago

Joseba Derteano 2021ko eka. 25a, 13:00

Abadiño Sokatira Taldeak itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari. Sasoi loriatsuko lagun taldearen erretiroak ez du taldea galzorira eraman. Justu kontrakoa gertatu da: erronka abagune lez hartuta, inoiz baino egitura zabalago eta sendoago bat eraikitzeko zimenduak ipintzen dabiltza. Horren adibide da Abadiño Sokatira Taldearen historian lehenengoz emakumeen talde bat sortu dutela. Horrekin batera, gaztez betetako mutilen taldeak ere bide onetik jarraitzen du.

Apiriletik hona, 23 bat neska astean birritan entrenatzen dira Zelaietako probalekuan. Laia Gerrikagoitia (Abadiño, 1997) da euretariko bat eta taldearen sorrera prozesua gogoratu du. "Edu Mendizabalek [tiralari ohi eta entrenatzailea] beti errepikatzen zidan nesken talde bat sortu behar zela. Azkenean, batzuk probatzera animatu ginen. Hasieran 18 bat ginen eta, ahoz ahokoari eskerrak, apurka neska gehiago batzen joan ziren. Probatu dutenetariko asko geratu egin dira".  Gerrikagoitiarentzat oraingo hauxe da sokatira probatu duen lehenengo aldia, taldeko ia denen antzera. Salbuespen bakarra Myriam Elorza da (Tolosa, 1981). Orain bost urte Abadiñora bizitzera etorri aurretik, Ibarra taldeko tiralaria izan zen eta ondo ezagutzen du kirol hau. Duen esperientziagaitik berea da taldeko posturik garrantzitsuenetarikoa: atzelari postua. Hau da, soka bizkarretik gurutzatzen duen azkeneko tiralaria da. Gustura dago afizioa berreskuratu ahal izan duelako. "Ibarra urrun geratzen zitzaidan haraino joateko. Gertuen Laukiz zegoen, baina hara joateko 45 minutuak ere ez dizkizu inork kentzen. Kirol honen falta igartzen nuen eta Abadiñon aukera hau sortuta, oso gustura nabil", azaldu du. Itzulera ez zaio bereziki gogorra egin. "Nahiko ondo ikusi dut neure burua", esan du. Gainera, sokatira ez du izan erabat utzita ere. Orain urte bi lur gaineko Europako txapelketan aritu zen Laukiz taldeagaz.

Hasiberrien ikuspuntua beste bat da, normala den moduan. Gerrikagoitiari "oso kirol gogorra" iruditzen zaio, baina gustura dabilenez, "sufrimendu atsegina" ei da. Gainera, probatuz gero "engantxatu" egiten duen kirola dela dio eta taldekideen artean dagoen "giro ona" eta "konpromisoa" azpimarratu ditu.

Teknika, ikasteko gatxena
Sokatirak indar hutseko kirola dirudi, baina ez da horrela. Teknikak eta tiralarien arteko koordinazioak berebiziko garrantzia dute. Eta hori ez da egun batetik bestera lortzen den dohaina, Elorzak ondo dakien moduan. "Gogo handiagaz etortzen dira eta lanean oso ondo ikusten ditut. Batzuetan beste tiralari batzuekin konparatzen dute euren burua, baina beti esaten diet ezin dela konparatu urte asko daramatzatenekin", adierazi du. Oraingoz, sokatirako oinarriak ikasten dabiltza (postura, koordinazioa…) eta tarteka teknika espezifikoagoak lantzen dituzte: tiraldiaren hasierak, lurretik batera zelan altxatu…

Jendaurreko estreinaldia
Talde hasiberria da, baina dagoeneko birritan irten dute plazara. Orain hiru asteburu estreinatu ziren, Gure Eskuk Zelaietan eginiko ekimenean. Hurrengo asteburuan, Sestaoko pilotalekuko inaugurazio ekitaldian ere parte hartu zuten.

Etxean eginiko saioaren oso gomuta onak ditu Gerrikagoitiak: "Herritarren aurrean tiratzen eta batere presiorik barik, oso gustura aritu nintzen. Jende askok esan dit gu ikusi eta probatzeko gogoa sartu zaiela". Ideia horretan sakondu du Elorzak, estereotipoen kontra eginez: "Jendeak uste du sokatira indartsuen edo astakiloen kirola dela, baina ez da horrela. Nire taldekide izandako batzuen argazkiak kaletar jantzita erakutsiz gero, inork ez luke esango sokatiran dabiltzanik".

Azaroan goma gaineko denboraldia hasten denean txapelketa ofizialekin animatuko ote diren galdetuta, hauxe erantzun du Elorzak: "Dena ondo badoa, baietz esango nuke". Lauko txapelketa etorriko da lehenengo, eta zortzikoa ondoren. Oraingoz, lauko txapelketaren aldeko apustua egiten du Elorzak, jende nahikoa batzea errazagoa delako eta ofizioa ikasten joateko aproposa delako.

Mutilen taldea
Gizonen taldea ere errelebo betean sartuta dago. Gazte batzuek denboratxo bat daramate eta orain pare bat urte sartu ziren. Gerora, apurka-apurka, taldera gazte berriak batzen joan dira. Gaur egun, 15etik 22 urtera arteko 18 bat gazte dabiltza sokatiran trebatzen, tiralari beteranoen laguntzagaz eta euren gidaritzapean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!