"Mugimendu feministak noiz erantzungo du sendo, esanez Trans legearen alde dagoela?"

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 25a, 09:30

Azken urteotan irakaskuntza lanagaz tartekatu du militantzia lana Josebe Iturriozek (Ordizia, 1978). Hain zuzen ere, 2020-2021 ikasturtean eskualdean egon da irakasle, Abadiñoko institutuan. Etika klaseak eman ditu. Orain, ikasgeletako lana amaituta, ekainaren 28ko aldarrikapenekin bat egingo du, LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Egunagaz.

Azken urteotan, transexualitateak hartu du LGTB komunitatearen aldarrikapenen erdigunea. Zelan ikusten duzu egoera?
Momentu honetan, iruditzen zait urgentzia berezi bat dagoela transexualitatearen auziarekin. Eztabaida sozial handia dago. Azken finean, zer dira gizon eta emakumeak? Orain auzia ez da orientazioa bakarrik. Nortasuna ipintzen da erdigunean. Eta normala da hainbesteko interesa sortzea, azken finean, gizarteak orain arte oinarritzat hartu dituen bi egia zalantzan ipintzen direlako. Horixe da transexualitatea. Pertsona batek bere generoa autodeterminatzen duenean, erakusten du besteek dituzten ustezko ebidentziak zalantzazkoak izan daitezkeela. 

Bestalde, egia da LGTB letra saltsa horretan badaudela beste kolektibo batzuk ere. Lesbianena, adibidez. Eta badirudi LGTB borrokan inoiz ez dela lesbianen garaia. Homosexualitatearen erdigunean gizonezkoa dagoenez gero, lesbianismoak ere erronka asko ditu aurretik.

Espainiako gobernuak Trans Legearen zirriborroa dauka mahai gainean, eta, hain zuzen ere, zuk aipaturiko puntu bat jasotzen du: generoa libreki autodeterminatzearena. Horren aurrean, feminismoaren sektore batzuek iskanbila sortu dute. Zelan ari zara bizitzen auzia?
Oso mingarria izaten ari da. Ezinezkoa egiten zait Alderdi Sozialistaren jarrera ulertzea. Autonomia Erkidego batzuetan, Kanariar Uharteetan, adibidez, genero autodeterminazioa jasotzen duen lege bat babestu du. Beste hainbat Erkidegotan aurrerapausoak sustatu ditu. Eta, aldiz, estatu mailara ailegatzerakoan, erregistro zibilari lotutako eskuduntzak dituenean, beste posizio bat hartu du. Orain arte, Hazte Oír, Vox eta halako korronte ultraeskuindarrak izan dira arazo nagusia. Orain, gatazka etxean daukagu, feminismoaren erdigunean. Eta hori guztia oso mingarria izaten ari da, gailentzen ari dena feminismo zuri, hetero eta zis bat delako. Badirudi etsairik potenteena transexualitatea dela. Eta batzuok ezin dugu ulertu nola iritsi garen honaino. Feminismoa bazterrean zegoen jende askoren etxea izan da orain arte, eta bat-batean, badirudi erresentzializazio bat gertatu dela. Beti pentsatu izan dut feminismoaren lana gizarte aske bat sortzea izan dela. Eta, halako batean, konturatzen gara, horri feminismoa deitu badakioke, badagoela esentzia bat arriskutsua. Arriskutsua transentzat eta baita emakume guztientzat ere. Azken finean, esentzia hori definitu duena patriarkatua delako. Kontraesankorra eta arriskutsua iruditzen zait komunitate transexuala horren erdigunean ipintzea, hain zuzen, oso zaurgarria delako, eta babesleku beharko luketen korronte feminista horiek jasangaitzak bihurtu direlako. 

"LGTBIQ siglen atzean normaltasunetik irteten garen zomorrotxo guztiak gaude, eta erakundeak dira normaltasun hori ekoizten dutenak"

 

Badirudi gurean ez dela horrelako giro gatazkatsurik sortu. Euskal Herriko mugimendu feminista bestelakoa da?
Galdera hau oso konplikatua da. Duela urte batzuk, beharbada, hori baieztatu genezakeen. Baina momentu honetan ez. Feminismoak aurrerapauso asko egin ditu, jarraitzaile asko irabazi ditu, baina bat-batean moda bat bilakatu da. Eta, alde horretatik, Euskal Herrian ere hegemonia horretatik edan da. Dagoeneko baditugu Trans Legearen kontra egiteko antolatu eta Euskal Herriko mugimenduaren parte lez aurkezten diren pare bat plataforma. Gainera, Trans Legearen kontra egiten dutenek prostituzioaren abolizioaren alde egin ohi dute. Lotura ebidenteak daude. Euskal Herrian betiko mugimendu feminista daukagu, bere agenda aurrera ateratzen saiatzen ari dena. Baina desentralizatua izan da, eta badirudi orain agendan dauden gaiak hauek direla. Batzuok honako hau galdetzen diogu geure buruari: noiz egongo da Euskal Herriko mugimendu antolatuaren partetik erantzun sendo bat, esango duena Euskal Herriko mugimendu feminista Trans Legearen alde dagoela? Euskal Herriko transgeneroak eta transexualak oso umezurtz sentitzen gara feminismoaren barruan. Tamalez, horrela da. Euskal Herrira ere iritsi da oso mugimendu transfobo indartsu bat. Badirudi transexualitatea mahai gainean ipintzeak bertan behera uzten dituela feminismoak emakume subjektuaren bueltan egindako aldarrikapenak. Eta hori ez da horrela.

Transexualitateak auzitan ipintzen ditu orain arte barneratutako genero ereduak eta egiturak. Instituzioak prest daude sakoneko aldaketak baimentzeko?
Iruditzen zait azken urte hauetan erakunde batzuk mugimendura gerturatu direla. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, protokolo politak ditugu. Lan politak egin dira, eta inportantea da hori mahai gainean ipintzea. Ez dakit instituzioek egin duten zerbait den ala kolektiboek bultzatu duten zerbait den. Baina badago lanketa bat. Bestetik, LGTBIQ sigletara begiratuta, graziosoa da. Sigla horien atzean,  normaltasunetik irteten garen zomorrotxo guztiak gaude. Eta hain zuzen, erakundeak dira normaltasun hori ekoiztu eta zabaltzen dutenak. Lehendakari transexual bat ez dakit noiz izango dugun. Edo lehendakari arrazalizatu bat. Izan daiteke lehendakari ijito bat, lesbiana bat. Politika asistentzialak diseinatzen dituztenean kontuan hartzen gaituzte. Bai, irudikatu ditzakegu “arrarito hauekin zerbait egin behar da” esanez. Baina gero, arrarito horiei ez zaie inoiz subjektu aukera ematen. EAJn ez dakit zenbat transexual egongo den, zenbat pertsona arrazalizatu. Alderdien eraikuntzetan ez dago ikusgaitasun hori. Oso gutxik dituzte transexualak haien lehen lerroetan. Bururatzen zaidan adibiderik bakarrenetakoa Aitzole Araneta da, Donostiako Ahal Dugu alderdiko zinegotzia.

"Homosexualitatearen erdigunean gizonezkoa dagoenez, badirudi LGTB borrokan inoiz ez dela lesbianen garaia"

Orain urte batzuk trantsitoa hasi zenuen. Zelan zaude?
Hor badago kontu bat. Hau da, nora iritsi nahi duzun. Eta hori aurreikustea ez da posible. Nik baten bati galdetuko banio hemendik berrogei urtera zelan egongo den, ez lidake erantzuten jakingo. Badaude toki batera ailegatzea aurreikusten duten pertsonak. Nire kasuan, gizontasun batera ailegatzea. Baina ez dut horrelakorik nahi. Argi neukan trantsizioarekin esperimentatu egin nahi nuela. Urte eta pikuan egon nintzen hormonak hartzen. Oraingoz ez dut berriro horrekin hasterik aurreikusi, baina gertatu daiteke. Inguruko transexual asko horrela dabiltza. Prozesua oso pertsonala da. Bakoitzak bere muga ipintzen du; ez helmuga. Helmuga-idealek kezkatu egiten naute. Transexualok ez gara gizarteak ekoiztutako maskulinitate eta feminitate hegemoniko horiek. Beraz, aukera bat da hortik aldentzeko. Ez dut helmugetan sinesten. Bizitza ibilbide bat da, denontzat. Batzuek generoa kudeatzen dugu. Beste batzuek ez. Baina ez dakit zer den hobea. Zure generoa zalantzan ipintzen ez baduzu, hau da, erregimenak zuri esleitutako gizon-emakume ezaugarri horiek sinesten badituzu, ezaugarri horiek autodestruktiboak izango dira. Pertsona orok birplanteatu beharko luke generoa. Zer suposatzen duen emakume eta gizon izateak, eta zer izan nahi duen bakoitzak.

"Nire ikasleei beti esaten diet balio etikorik bako pertsonak pistola kargatuak bezalakoak direla"

 

Ikasturte honetan Abadiñon izan zaitugu irakasle, DBHko institutuan. Zer moduz?
Bada, egia esan, oso gustura. Koronabirusagatik, leku guztietan bezala, oso gogorra izan den arren, oso ondo sentitu naiz. Pena da hain urrun egotea. Gertuago egonda, berriro ere zentro honetan egotea aukeratuko nuke. Lan polita egiten ari dira. Gainera, ikusirik gazteak hain penalizatuak, hain gutxi ulertuak izan direla, lan polita egin da. Oso gustura egon naiz.

Zer irakasten aritu zara?
Balio etikoak irakatsi ditut. Lehenengo mailatik laugarren mailara arte. Filosofiako galdera batzuk planteatu ditut, demagun Kantek aztertzen zituenak. Zer espero dezaket munduaz? Lehenengo ebaluaketan koronabirusari lotutako gaiak aztertu ditugu. Bigarrenean, indarkeria estrukturalak ikertu ditugu. Inportantea da indarkeriak estrukturalak eta lotuak direla ulertzea. Prekaritatea, klasismoa, arrazakeria, matxismoa, adibidez. Azken ebaluaketan bi galdera aztertu ditugu. Nor naiz ni? eta zer da niretzat zoriontasuna? Irakaskuntzan, oro har, txarto trataturiko ikasgaia da balio etikoena, eta inportantea da horiek aldarrikatzea. Izan ere, Matematikan edo Historian ikasten direnak aplikagarriak dira etorkizunari begira, baina pandemiari buruz ari garenean edo balio etikoei buruz ari garenean, eguneroko bizitza praktikoari buruz ari gara. Hemen eta orain. Eta hori oso inportantea da. Ikasleei beti esaten diet balio etikorik bako pertsonak pistola kargatuak bezalakoak direla.

Ikasleek erreferentzia bat ikusi ote dute Joseberengan?
Galdera hori ikasleek erantzun beharko lukete, baina bai, badakit erreferentziala bilakatu naizela askotan, hain zuzen, ikasleen beharrizanei erantzuten ahalegindu naizelako. Askok bilatu egin naute, haien bizitzetako kezkak edo gertakariak partekatzeko. Institutuko irakasleen artean ere orokorra da ikasleenganako kezka. Lagundua sentitu naiz tutore, orientatzaile edo zuzendaritzagandik. Atzean kezkak dituen talde bat dago. Ez naiz bakarrik sentitu, eta interesa agertu dute, adibidez, genero gaietan.

Ekainaren 28a, LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ate-joka dago. Aldarrikatu eta ospatuko duzu?
Bai, bai. Oso gogotsu nago. LGTB komunitatea geroz eta etxekoagoa sentitzen dut. Jendeak galdetzen du ea zergatik atera behar dugun kalera. Bada, gure existentziak eskubide kolektiboak aldarrikatzen dituelako. Harreman sexualak, maitasuna, nortasuna ez dira elementu pribatuak. Publikoak dira, politikoak. Eta gorputz intsumiso horiek guztiak kalean ipini nahi ditugu, munduari erakusteko arauak min ematen duela. Disidentziak beharrezkoak dira. Hori denon mesederako da. Gainera, heteroak diren lagun asko joango dira manifestazioetara. Poz-pozik etortzen dira, oso ondo pasatzen dutelako eta erabat askatzailea delako, nortasunaren, orientazioaren eta sexualitatearen ikuspegi askeago bat plazaratzen delako. Hau ez da bakarrik gure komunitateari lotzen zaion zerbait. Gizarte osoari egiten dio mesede.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!