Arrainak hilik agertu dira Ibaizabalen, Abadiño parean, eta gertatutakoa argitzeko ikerketa hasi dute

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 22a, 13:12

Ibaizabal errekan hainbat arrain agertu da hilda. URA agentziak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ikerketa hasi dute.

URA agentziako iturriek ANBOTOri baieztatu diotenez, agentziak berak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ikerketa bat hasi dute Ibaizabal errekako arrainak zerk eraginda hil diren jakiteko. Kontua atzotik dator. Atzo, hainbat arrain agertu zen hilda Ibaizabal errekan, Abadiñoko Arzubia inguruan., eta gaur ere ikus daitezke han-hemenka. Dena dela, URAk jakinarazi du Arzubiako eremura mugatu barik, ikerketa ibaiko tarte handiago batera zabaldu dutela. Besteak beste, Arzubiatik errekan gorako tarteak ipini dituzte ikerketapean. Astola eta Zelaieta aldeko inguruak, adibidez. 

Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat arrain-lagin hartu ditu ikeketak egiteko. URA agentziak, bestalde, errekako uraren laginak hartu ditu ibilguko hainbat puntutan. Oraindik zergatik hil diren ebazteko goizegi dela esan du URAk, eta azpimarratu du "balizko hainbat iturri" egon daitezkeela horren atzean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!