Oihana Azkorbebeitia bigarren eta Gartzen Elejabarrieta hirugarren Zaldibiako mendi lasterketan

Anboto 2021ko eka. 19a, 18:33

Gaur Zaldibiako mendi lasterketaren bigarren edizioa jokatu da eta Durangaldeko korrikalari bik igo dute podiumera, Oihana Azkorbebeitia eta Gartzen Elejabarrieta abadiñarrek. 

Azkorbebeitia bigarren sailkatu da nesketan, Oihana Kortazar elgetarraren atzetik. Onditz Iturbe arratiarrak osatu du podiuma. Elejabarrieta hirugarren helmugaratu da mutiletan, Igor Manzisidor debarraren eta Carlos Antonio Jimenez araiarraren atzetik. Proba 27 kilometrokoa izan da, eta 210 korrikalarik parte hartu dute. Eguraldi txarra iragarrita egon bada ere, azkenean goizak eutsi egin dio eta ez du euririk egin, baina hezetasuna izan da nagusi. "Bero handia egin du, sargori, eta hezetasun handia izan dugu lasterketa osoan. Ez da nire gogoko eguraldia, baina ibilbidea behintzat polit-polita izan da, eta gogorra. Ez nuen uste hainbeste sufrituko nuenik, baina oso gustura ibili naiz", adierazi du Azkorbebeitiak. Elejabarrietak ere oroitzapen ona dakar Zaldibiatik, beste behin ere. Izan ere, beste urte batean proba laburra irabazitakoa da han. Gaurkoan hirugarren egin du. Batez ere, bere taldeak, Araiamendi taldeak, egin duen lana nabarmendu du: "Pozarren nago gaurko emaitzagaz, baina ez nigaitik bakarrik. Igor Manzisidor taldekideak irabazi du lasterketa, eta Onditzek hirugarren egin du nesketan".

Lasterketan erronka bitxi bat prestatu dute antolatzaileek, Euskaberren eskutik. Irteeran arrautza bana eskuan hartu, eta zortzigarren kilometroraino, Gazteluraino, apurtu barik nork lehenengo eraman izan da erronka. Bi-hiru kontrol ere izan dituzte eta denetan erakutsi behar izan dute arrautza. Gura izan duten korrikalariek parte hartu dute erronkan, eta nesketan Oihana Azkorbebeitiak irabazi du. Elejabarrietak ere gustura parte hartuko zuen erronkan, baina makilak eraman ditu eskuetan, eta ezin dena egin. Saria, urte guztirako arrautzak. Bertako arrautza labeldunak eta ekologikoak bultzatzeko ekimena izan da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!