Aurre akordioa lortuta, grebak bertan behera utzi dituzte Rothenbergerren

Anboto 2021ko eka. 15a, 15:28

ELA eta CCOO sindikatuek lan hitzarmena berritzeko aurre akordioa sinatu zuten atzo. LABek kontra egin du. Adierazi du “akordio hobea” lortzeko aukerak zeudela.

Comisiones Obreras sindikatuak jakinarazi duenez, Rothenberger enpresako patronalak eta sindikatuen gehiengoak (CCOO eta ELA) lan hitzarmena berritzeko aurre akordioa sinatu zuten atzo. Hori dela eta, beharginek bertan behera utzi dute hemendik eta eguenera bitartean programatuta zuten greba sorta. ELAk, CCOOek eta LABek hamar eguneko greba sorta hasi zuten ekainaren 7an. Baina atzo, lehenenego bi sindikatuak izan ziren aurre akordioa sinatu zutenak. LABek kontra egin zuen.

Lan gatazka ulertzeko Rothenberger enpresaren bi lantegiak hartu behar dira kontutan, Abadiñokoa eta Gasteizkoa. Hain zuzen ere, tailer bietako beharginen botoekin egin du aurrera aurre akordioak. Beharginetako 83 alde agertu ziren, 18 kontra, eta abstenitutakoak 6 izan ziren. Hori guztia negoziazio mahaira eraman eta gero, itunak CCOOeko eta ELAko delegatuen 5 botoekin egin du aurrera. LABeko 4 ordezkariek kontra bozkatu zuten. 
Rothenbergerreko beharginek lan hitzarmena eguneratzea eskatu dute egunotan. Besteak beste igoera salarialak eskatu dituzte.

”Akordio hobea”

LAB sindikatuak ohar batean esan duenez, “CCOO, ELA eta enpresaren arteko akordioa ziztu bizian izan da” eta horrek “zaildu” egin du “akordio hobea lortzea”. Sindikatu abertzaleak kritikatu duenez, lortutako akordioak “lurperatu” egiten ditu negozioazioko hainbat puntu. Enpleguari eusteko klausularik ez dela jaso, eta Kontingentzia arruntengatiko bajen osagarriak jaso barik geratu direla kritikatu du. Honez gainera, aurreikusitako 25 errelebo-kontratu barik, azkenean 18 onartu direla esan du LABek. Akordioa sinatu dutenen artean egon ez arren, sindikatu abertzaleak esan du “harro” dagoela “langileek erakutsitako konpromisoarekin”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!