Abadiñon erroldatuek eta ez erroldatuek tarifa bera izango dute igerilekuetan udako hileetarako

Jone Guenetxea 2021ko mai. 27a, 15:49

Herrian erroldatuek zein ez erroldatuek tarifa bera izango dute uda honetan Abadiñoko igerilekuetan. Ekainaren erdialdean zabaldu gura dituzte igerilekuak, eta udako kuota hiru hilabeterako izango dela aurreratu dute udal arduradunek.

Tarifa berrien arabera, familiako kuota 41,02 euro izango da eta norbanakoena 23,21 euro. Martitzeneko plenoan aho batez hartu zuten erabakia. Gaiak eztabaida piztu zuen gobernu taldearen eta oposizioaren artean.

EH Bilduk batzordean planteaturiko proposamenak aurrera irten du plenoan. Unzalu Salterain zinegotziak nabarmendu duenez, erroldatu eta ez erroldatuen arteko bereziketa egitea legez kanpokoa da: “Praktika okerra da, eta legez kanpokoa. Elorrion, esate baterako, ez dute bereizketa hori egiten. Guk planteatzen duguna da tarifak herritarren ahalmen ekonomikoaren arabera ipintzea”.

Mikel Garaizabal alkateak azaldu duenez, ordenantzan aldaketa egiterakoan arlo juridikoan gomendatu diete bereizketarik ez egitea, “gai horretan jurisprudentzia dagoelako”. Hala ere, gaur egun, Durangaldeko hainbat herritan ez erroldatuek gehiago ordaintzen dute. Iaz, esate baterako, erroldatuek 58 euro ordaindu zuten hiru hilabeteko bonu familiarra Durangoko kanpoko igerilekuetan, eta ez erroldatuek 75,40 euro.

Bestalde, gaur egun Astolako kirol azpiegituran udako igerilekuen tarifan bereizketarik ez egitea erabaki duten arren, gainerako zerbitzuetan bereizketa hori egon badago. Gimnasioan zein bestelako kirol ikastaroetan, esate baterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!