Bestetik, jabea ere salatu dute norbanakoaren eskubidea modu arbitrarioan egikaritzeagaitik. "Kasu honetan, delitu larri bat egon daitekeela uste dugu. Jabe bati etxea okupatu badiote, baditu bere bideak horri aurre egiteko; salaketa ipini behar du epaitegian, edo polizia-etxean. Bide bi ditu, bide penal edo zigorgilea eta bide zibila; jabe guztiek dute aukera bata edo bestea aukeratzeko, baina ezin ditu pertsona batzuk kontratatu inor botatzeko", adierazi du Iñaki Carro BOB elkarteko abokatuak.
Apirilaren 15ean Desokupa enpresako hainbat kide Abadiñora etorri ziren, Zelaieta auzoko Alfredo Baeschlin kaleko eraikin bat hustera. Bertako bizilagunak irtenaraztea "legez kanpokoa" izan zelakoan, Bilboko Okupazio Bulegoak jabea eta parte hartu zuten Desokupa enpresako kideak salatu zituen.
Carroren berbetan, horrelako "dinamikak" etxeen jabeen "kalterako" izan daitezke. "Desokupa eta halako enpresak kontratatzea negozio ona da enpresentzat, baina ez etxeen jabeentzat, eta Abadiñoko adibidea argia da: diru bat ordaindu du, baina eraikinak okupatuta jarraitzen du, eta, gainera, jabeak arazo legalak izan ditzake", esan du Carrok.