Udalak eta Abadiño Lagunkoiak aisialdi eskaintza osasungarria diseinatu du, zazpi ibilbiderekin, herria oinez zeharkatzeko eta osasuna hobetzeko. Udaletik azaldu dutenez, bizi kalitatea eta osasuna hobetu gura duten eta ibiltzeko ohiturarik ez duten 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Ekimenari maiatzaren 21ean emango diote hasiera, 11:00etan. Matienako eta Zelaietako adinekoen elkarteetatik abiatuko dira.
"Abadiñoko adinekoen elkarteak oso aktiboak dira. Eurengandik abiatutako proiektua da eta garatzea egokia iruditu zitzaigun. Bizi kalitatea hobetzen laguntzea espero dugu", azaldu du Javi Crespo alkateordeak. Bestalde, Mikel Garaizabal alkateak ekimenaren garrantzia azpimarratu du, Abadiño herri guztiarentzako "herri lagunkoia eta osasuntsua" izan dadin, adineko pertsonek ere euren espazioa eta jarduerak izan ditzaten.