Osakidetzak "lehenbailehen" esleitu gura du Matienarako pediatra berriaren plaza

Anboto 2021ko mai. 18a, 11:09

Maiatzaren 14an Mikel Garaizabal alkatea eta Javi Crespo alkateordea Barrualde-Galdakao ESIko arduradunekin batu ziren, Matienako pediatria zerbitzuarekin jarraitzea eskatzeko. 

Abadiñoko Udal iturrien arabera, Osakidetzak "lasaitasun mezua" helarazi zien Garaizabali eta Crespori. "Euren aurreikuspena pediatra berri bat lehenbaileen esleitzea da, eta horretarako gestioak egiten hasiak direla baieztatu digute. Hala izatea espero dugu, eta zain eta laguntzeko prest egongo gara", azaldu du Garaizabal alkateak. "Herritarrentzako funtsezko zerbitzua da, eta argi utzi dugu Matienan jarraitu behar duela. Osakidetza aukera horrekin ari da lanean, eta beraz, modu egokian kudeatuko dela espero dugu", gaineratu du Crespo alkateordeak. 

Pediatria zerbitzuko plaza "hile amaieran" geratuko da hutsik, pediatra titularrak erretiroa hartu ostean. 

Osasun zentroa handitzeko eskaera

Bilera berdinean, Zelaietako osasun zentroa handitzeko lanak irauten duten bitartean Zelaietako "lokal batzuk" Osakidetzaren esku jartzeko konpromisoa hartu zuen udalak; datozen bi hilabeteetan aterako dute eraikuntza-proiektua lizitaziora.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!