Abadiñoko Katalamixon aisialdi elkarteak salatu du urtebetetik gora daramala "itoginak noiz konponduko zain"

Aritz Maldonado 2021ko mai. 10a, 08:28

Biltegiaren ate ondoko orban hezeak erakusten du egoera ez dela normala. Barrualdekoa, baina, ez da hobea: lau balde daude behean, itoginen azpian; hezetasun-kengailua martxan dabil egun osoan zehar; eta argiteriaren erdia ez dabil.

"Zirkuitulaburren bat egon zen, eta ordutik ez dute funtzionatzen". Urtebete baino gehiagotik hona egoera "penagarria eta arriskutsua" dela azaldu du Nerea Zarandona Katalamixon aisialdi elkarteko kideak, eta taldearen jarduna baldintzatzen duela azaldu du. "Beharrezkoa dugun material guztia hemen dago: kartulinak,  margoak, mozorroak... udalekuak zein urte osoko ekintzak egin ahal izateko beharrezkoa dugun dena. Materiala herriaren diruagaz erositakoa da, udalak ematen digun diru laguntzagaz", kexatu da. Materialaren zati handi bat "usteltzen" hasi dela ere salatu gura izan dute. "Dirutza bat dago materialetan, eta hori galtzea penagarrria litzateke", azaldu du Zarandonak.

Katalamixoneko kideek salatu dute urtebete baino gehiago daramatela egoera honetan. "Itoginak-eta agertzen hasi ziren orain urtebete baino gehiago, eta teilatuko plakak ere orduan hasi ziren jausten; gero, martxoko itxialdia etorri zen eta lokal gaineko taberna itxita eduki zuten. Tarte hori hondatutakoa konpontzeko baliatuko zutela agindu ziguten, baina arazoak bere horretan jarraitzen du", azaldu du Zarandonak egoeragaz kezkatuta. "Ez dugu ulertzen hainbeste denboran itxaroten egon behar izatea. Ez dugu eskatzen udalak bere poltsikotik ordaintzea. Udalak zein biltegi gaineko tabernak aseguruak edukiko dituzte, eta euren artean berba egitea baino ez dugu eskatzen. Urtebete daramagu egoera honetan, eta arriskutsua da, umentzat batez ere", esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!