[BIDEOA] Neguari agur, Zea Maysen doinuan

Anboto 2021ko api. 30a, 22:07

Rock talde bilbotarrak kontzertua eskaini du gaur Traña-Matienan. 

Behean, 250 abadiñar. Goian, 4 bilbotar. Aiora Renteria eta bere mutilak. Dezibelioak topera. Distortsioz beteriko kantu bat orain. Pop kutsuko beste bat gero. Baina kantu guztietan, Renteriaren ahots indartsua gainetik. Eta halantxik, apurka-apurka, giro umela berotzea lortu dute. Eta nola gainera! Diskografiako kanturik esanguratsuenak eskaini dituzte. Ez da falta izan bideoan jasotako “Negua joan da ta” enblematikoa. Ezta Kukutza gaztetxea izandakoari eskainitakoa ere. Azken kantu honekin eman diote bukaera kontzertuari. Eta aulkian kabitu ezinda egon da bat baino gehiago. Zutik, txaloka. Txilizoka. Gehiagorako gogoz. Baina horretarako udaberri berri bat itxaron beharko zaio. Gelditu dena esker ona izan da. Abadiñarrek eskertu egin dutelako kontzertua, eta baita musikariek ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!