Traña-Matienako tabernari bat atxilotu dute "droga trafikatzea" egotzita

Anboto 2021ko api. 29a, 20:50

Zubibitarte kaleko taberna batean atxilotu dute gizonezkoa, arratsaldeko 19:30ak bueltan. Tabernaren barruan "substantzia estupefazienteak" atzeman dituzte. Ertzaintzak ikerketa abiatu du.

Ertzaintzak Traña-Matienako tabernari bat atxilotu du arratsalde honetan "droga trafikatzea" egotzita. Zubibitarte kaleko tabernari bat da atxilotua eta Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez, "substantzia estupefazienteak" topatu dituzte bera lanean ari zen taberna barruan. Kasua oraindik ikertzen ari direla-eta, Segurtasun Sailak ez du jakinarazi zein substantzia diren eta zenbateko kantitatea atzeman duten.

Ustezko droga-trafikatzailea arratsaldeko 19:30ak bueltan atxilotu dute. Taberna ikuskatzera joan dira Ertzaintzaren hainbat agente eta tartean izan dira Txakurren-unitateko kideak. Hain zuzen ere, 19:00ak pasatxo zirela, polizia agenteak txakur batekin sartu dira barrura, usaimenaren bidez barruan substantziarik ezkutatzen ote zen jakiteko. 

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atxilotua Durangoko komisaldegira eraman dute eta ikerketa zabalik dago oraindik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!