Abadiñoko Udalak enpresa-proiektu berrien lehiaketa abiatuko du

Anboto 2021ko api. 6a, 12:04

Udalak 5.000 eurorekin sarituko du Matiena, Zelaieta edo Muntsaratzen enpresa berri bat sortzeko proiektu onena.

Matiena, Zelaieta edo Muntsaratz hiriguneetan enpresa berri bat martxan jartzeko proiektu onena 5.000 eurorekin sarituko duen II. Enpresa-Proiektuen leihaketarako deialdia egin du Abadiñoko Udalak. Proiektuak aurkezteko epea maiatzaren 1ean hasi eta urriaren 31n amaituko da.

Iñaki Rekaldek, Abadiñoko Ogasun, Ekonomia Sustapen eta Enplegu zinegotziak azaldu duenez, bigarren urtez antolatzen du udalak lehiaketa hau. "Asmoa da enpresa eta enplegu berriak sortzen laguntzea Abadiñon, koronabirusak sortutako krisialdiari aurre egiteko pizgarriak hain beharrezkoak diren garai honetan", azaldu dute.

Lehiaketak bereziki sarituko ditu produktu, prozesu edo zerbitzuetan ekimen berriak ekartzeaz gainera, aberastasuna eta enplegua sortzeko eta Abadiñoko merkataritza suspertzen laguntzeko gauza diren enpresa-ideiak. Proiektuek derrigorrez bultzatu beharko dute enpresa berriak sortzea Matiena, Zelaieta zein Muntsaratzeko hiriguneetan.

Proiektu irabazleak 5.000 euro jasoko ditu proiektua martxan jartzeko. Diru horretatik %80 enpresa berria martxan jartzen denean emango da, eta gainerako %20 martxan jarri eta handi urtebetera.

Proiektuak aurkeztu aurretik, arduradunek aukera izango dute doako aholkularitza jasotzeko Durangoko Merindadeko Mankomunitateko Behargintza zentroan.

Jarritako epean eskatzaileek beren enpresa-proiektuaren negozio-plan bat aurkeztu beharko dute, beste dokumentu batzuen artean. Lehiaketa ez dago zuzenduta bakarrik abadiñarrei, baina parte-hartzaileak Abadiñon erroldatuta egon ezkero puntu gehiago jasoko dituzte.

Proposamen irabazlea aukeratzeko orduan beste faktore batzuk ere hartuko dira kontuan, hala nola originaltasuna, negozio-planaren definizio-maila, enpleguaren sorrera eta aukera-berdintasuna, besteak beste. Alkatea izango da Balorazio-batzordeko presidentea, eta bertan egongo dira baita ere udal taldeetako ordezkariak eta Udaleko eta Behargintzako teknikariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!