Oihana Azkorbebeitia bigarren Keykubat Mountain Run mendi lasterketan, Turkian

Anboto 2021ko api. 4a, 09:45
Argazkia: Guillem Casanova

Turkiako kostaldeko Alanya herrian lau mendi lasterketa jokatu ziren atzo goizean, distantzia desberdinetakoak. Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak 28 kilometroko Keykubat Mountain Run proban parte hartu zuen beste 150 bat parte hartzailegaz batera, eta bigarren sailkatu zen nesketan, bere taldekidea den Denisa Dragomir korrikalari errumaniarraren atzetik.

Berez, elkarregaz helmugaratu ziren biak, eskutik helduta, baina irteeran minutu bat atzeragoko taldean irten zuen Dragomirrek, koronabirusari aurre egiteko protokoloa dela-eta, eta, beraz, bera izan zen garailea.

Azkorbebeitiak 2.46.29ko denboran egin zuen 28 kilometroko ibilbidea. Yuliia Tarasova korrikalari ukrainiarra sailkatu zen hirugarren.

Okerrik ezean, Japoniako Mt. Awa Skyrace izango da Azkorbebeitiaren hurrengo hitzordua, aste bi barru. Hantxe hasiko da 2021eko mendi lasterketen Skyrace World Series Munduko Kopa. Aurten, hamalau lasterketak osatzen dute kopa, eta euretariko bat Euskal Herrian izango da, Zeanurin, irailaren 26an: Gorbeia Suzien.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!