“Oso bezero onak izan ditugu, eta asko; oso eskertuta gaude”

Maialen Zuazubiskar 2021ko mar. 27a, 10:20

Elorriaga Kirolak bizikleta denda Abadiñoko tenpluetariko bat da bizikleta munduan. Orain 40 urte zabaldu zituen lehenengoz ateak dendak, 1981eko martxoaren 16an, eta, harrezkero, Elorriaga Jauregi familiako kideak lanean buru-belarri dabiltza bizikleta artean.

1981eko martxoaren 16an zabaldu zituen ateak Elorriaga kirolak bizikleta dendak. Zelan gogoratzen duzu egun hura, Javier?
Javier Elorriaga: Inaugurazio jaia martxoaren 14an egin genuen; zapatua zen. Hainbat lagun batu ginen, eta txirrindulari nintzela egindako hainbat lagun txirrindulari ere bertaratu zen. Oso egun polita eta berezia izan zen guretzat.

Martxoaren 16an, astelehena, zabaldu genuen denda, eta emaztea eta biok hasi ginen lanean. Gogotsu eta ilusioz ekin genion bideari. Hasiera apur bat gogorra izan zen.

Zelan erabaki zenuten bizikleta denda zabaltzea?
J.E.: 1980an, txirrindulari profesional ibilbideari amaiera eman nion, Kataluniako lasterketekin. Behin denboraldia eta txirrindulari etapa hori amaituta, abenduaren 7an ezkondu egin ginen, eta horren ostean buru-belarri hasi ginen dendaren proiektuagaz. Egia esan, lehenago ere hasita geunden, lokala atontzen eta bestelako lan batzuk egiten.   

Zelakoak izan dira bizikleta dendan bizitako momentuak?
J.E.: Oso momentu politak bizi izan ditugu, baita gogorrak ere. Batez ere, hasierakoak. Emazteak eta biok gogor lan egin genuen, gau eta egun askotan. Sarritan goizean goiz etortzen nintzen dendara, eta askotan  gauerdira arte ere egoten nintzen bizikletak konpontzen, lanean atzerapenik ez izateko. Hala ere, hori ere lanaren parte da eta ez daukat inongo damurik. Oso pozik gaude, gure ibilbide osoan zehar jendeak izugarri lagundu digu eta. Gainera, oso bezero onak izan ditugu, eta asko. Oso eskertuta gaude.

Oskar Elorriaga: Eta gu gurasoek urte luzez egindako lan gogor horren fruituak jasotzen gabiltza gaur egun.

Horrenbeste urtean, hainbat momentu gogor zein polit biziko zenuen, Javier. Baten bat aipatzekotan?
J.E.: Abadiñoko Txirrindulari Elkarteagaz batera, txirrindulari eskola eratu genuen eta lehenengo urtean 55 txirrindulari izan genituen taldean. Lasterketetara autobusean joaten ginen txirrindulari eta gurasoak, eta atzetik kamioia bizikletekin beteta. Bizkaiko eta Euskal Herriko hainbat herri zeharkatu genuen, lasterketarik lasterketa. Urte luzez ibili ginen horrela. Gero, apurka-apurka, kontua gutxitzen joan zen, gauza guztien moduan. Baina urte haiek oso politak izan ziren. Oso momentu politak bizi izan genituen, bai txirrindulariekin eta baita euren gurasoekin ere.

Zuena negozio familiarra izan da hasiera-hasieratik, Oskar. Aitak eta amak zabaldu zuten denda; arreba Dorletak ere bertan lan egin zuen, eta azken urte hauetan zeuk duzu dendaren ardura.
O.E.: Gurasoek urte luzez egindako lanari eskerrak, guk bide horri jarraitzeko aukera dugu orain, eta hori oso pozgarria da. Gurasoengaitik eta bezeroengaitik gaude gu orain hemen.

Aurten, dendaren berrogeigarren urteurrena ospatu duzue. Beste horrenbeste urtean jarraitzeko asmorik bai?
O.E.: Egingo dugu ahalegina. Guk orain arteko moduan jarraituko dugu lanean, eguneratzen eta bezeroen eskariei erantzuten. Leku guztietan lez, hemen ere eguneratu beharra dugu, gure bezeroei punta-puntako zerbitzua eta produktuak eskaintzen jarraitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!