Gaur 40 urte ireki zituen lehenengoz ateak Elorriaga bizikleta dendak

Maialen Zuazubiskar 2021ko mar. 16a, 19:31
Javier Elorriaga eta Oskar Elorriaga

1981eko martxoaren 16an Javier Elorriaga txirrindulari ohiak eta honen emazte Rosario Jauregik bizikleta denda ireki zuten Abadiñon, Traña-Matiena auzoan. Orain 40 urte beranduago hauen semeak, Oskar Elorriagak, jarraitzen du dendarekin.

1980an txirrindularitza profesionala utzi eta handik hilabete batzuetara bizikleta denda zabaltzeko erabakia hartu zuten Javier Elorriaga abadiñarrak eta honen emazteak, Rosario Jauregik. 1981eko martxoaren 14an egin zuten inaugurazio jaia, eta martxoaren 16an ireki zituen lehenengoz ateak dendak. "Hasiera nahiko gogorra izan zen arren, urte guzti hauetan jendeak asko lagundu digu, eta bezero oso onak izan ditugu. Oso eskertuta gaude", aitortu du Javier Elorriagak. Orduz geroztik, Elorriaga kirolak bizikleten tenplu bilakatu da Abadiñon, eta herritar askorentzat herriko denda kuttunenetakoa izan da, eta da. 

Aitak  erretiroa hartu zuenean, semeak, Oskarrek, hartu zuen erreleboa. Eta gaur egun, berak jarraitzen du familia negozioarekin. "Gurasoek egindako lan gogorraren emaitza jasotzen gabiltza gaur egun, eta oso eskertuta gaude. Gure asmoa, puntako zerbitzua eman, bezeroen eskariei erantzun eta urte luzez dendagaz jarraitzea da", azaldu du Oskar Elorriagak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!