Kamioiak AHTren lanetara sartzeko "udalaren baimenik barik" dabiltzala dio AHT Gelditu Elkarlanak

Ekaitz Herrera 2021ko mar. 12a, 15:28

Eguerdi honetan Muntsaratzetik Goxentziarako zubian batu dira hainbat lagun, AHTren lanetara joan-etorrian ari diren kamioiak "udalaren baimenik barik" ari direla salatzeko. Udalak azaldu du auziaren "gainean" dagoela eta udaltzaingoak duela zazpi bat hilabete zabaldu zuela auziari lotutako intzidentzia txostena. 

Abiadura Handiko Trenaren lanak salatu dituzte eguerdi honetan Abadiñon. AHT Gelditu Elkarlanak deituta hainbat lagun batu dira Muntsaratzetik Goxentziarako zubian, bide bazterreko hormigoi lantegiaren aurrean. Obretara doazen kamioien joan-etorriak "udalaren baimenik barik" egiten ari direla adierazi dute. Bertan batu direnen artean egon da Mikel Urrutia EH Bilduren bozeramailea. Bere esanetan, "zortzi tonatik gorako kamioiek ez dute handik zirkulatzeko baimenik, udalaren baimena eduki ezean", eta horixe litzateke, AHT Gelditu Elkarlaneko kideen esanetan, Muntsaratzen gertatzen ariko litzatekeena. "Obrak egiteaz arduratzen den enpresak horretarako baimena eskatu zion udalari, iaz. Udalak erantzun zion horretarako trafiko azterketa eta segurtasun azterketa bana aurkeztu behar zituztela. Eskaria tramitatzen ari dira, baina gaur gaurkoz, udal bulego teknikoaren arabera, kamioiek ez dute hemendik pasatzeko baimenik", azaldu du Urrutiak.

Abadiñoko alkate Mikel Garaizabalek adierazi duenez, udala gertatzen ari den guztiaren "gainean dago". Adierazi du udaltzaingoak gertatzen ari zenaren gaineko intzidentzia txostena zabaldu zuela duela zazpi bat hilabete, eta auzia "arlo juridikotik" ari direla ikertzen. Gainontzean, Garaizabalek jakinarazi du kamioien joan-etorriak neurtzeko gailuak ipiniko dituztela han inguruan eta trafiko ikuskaritza bat egitea ere aurreikusi dutela. "Asmoa ahalik eta kalterik gutxien" eragitea dela gaineratu du. 

Zubi berria

Muntsaratzetik Goxentziarako bidean zubi berri bat egiteko lanak hasita daudela dirudi. Gaur egungo zubiaren ondoan obrak egin izanaren zantzuak daude. Hormigoia bota izanaren arrastoak daude zubiaren alde banatan. Zubi berria oraingoa baino zabalagoa izango da eta mugikortasuna erraztuko die AHTren lanetara doazen kamioien joan-etorriei. Lan horiek egiteko URAren baimena eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren baimena beharrezkoak izango direla argitu du Garaizabal alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!