Zer topatu duzu Greziako Kios irlako errefuxiatuen kanpalekuan?
ISHk proiektu bi ditu martxan egun. Aita Mari ontzia alde batetik, eta Kioseko klinika beste batetik. Ni klinika horretan egon naiz, beste erizain bategaz eta mediku bigaz. Orain, adibidez, sarna agerraldi itzela dago. Hemen sekula ere ikusi ez ditudanak ikusi ditut; higiene ezak arazo ugari sortu du: sarna, zorriak, oso zauri zolduak...
Badaude beste osasun arazo batzuk ere: depresioa, antsietatea, lo egiteko arazoak... jendea desesperatuta dago. Itzultzaileen bitartez berba egin dugu gaixoekin, eta kontatzen zutena izugarria zen. Kasu bat ezagutu nuen, familiako semerik zaharrena bera. Familiak aurrezturiko diru guztia bera Europara ekartzeko inbertitu zuten. Han egotea kartzelan egotea lez da eurentzat. Ez dakite pasaportea lortuko duten ala ez... Oso gogorra da.
Koronabirusak izan du eraginik euren egoeran?
Gaur egun 2.300 lagun daude kanpalekuan; hori da legez onartutako kopurua. Baina egon izan dira 7.000 lagunetik gora. Lehen, irla osotik mugitu zitezkeen, baina, orain, ezin dira kanpamentutik kilometro bi baino gehiagora urrundu. Mundu bi guztiz desberdinak daude irla horietan. Zu kafe bat hartzen egon zaitezke herrigunean, eta zortzi kilometrora kanpamentua dago. Lotsagarria da, Europa denik ere ez du ematen!
Zein etorkizun ikusten diozu gaiari?
2015ean hasi ziren lehenengo errefuxiatuak hara ailegatzen. Europar Batasuna partxeak ipintzen dabilela esango nuke. Laguntza medikoa, arropa, janaria... eskaintzen dizkie, eta hori ondo dago, baina inor ere ez doa arazoaren muinera; inork ere ez du interesik jatorrizko herrialdeetako gerra eta gatazkak konpontzeko. Hemendik ere badaude laguntzeko aukerak. Han jasotzen den material ia guztia, guk lanerako erabilitako osasun materiala, adibidez, hemendik bidalitakoa da, eta beharrezkoa da.
Bueltatuko zara hango kanpalekura?
Bai, oso esperientzia aberasgarria izan da. Oso panorama gordina ikusi dut, baina asko ikasi dut hango jendeagaz. Harritu egin nau antolatzeko duten gaitasunak. Kanpamentuetan gai izan dira herri berri bat eraikitzeko. Jende asko bakar-bakarrik ailegatu da hara, eta horrek batu egin ditu.