Guardia Zibila ikuskatzeak egiten aritu da Traña-Matienako hainbat dendatan

Ekaitz Herrera / Joseba Derteano 2021ko mar. 4a, 15:40

Produktuen etiketak zuzen ote dauden ikuskatzen aritu dira, alkohol eta ezti produktuenak, nagusiki.

ANBOTOk jakin ahal izan duenez, Guardia zibila Traña-Matienako hainbat denda ikuskatzen aritu da goiz honetan zehar. Trañaetxoste, Txinurrisolo eta Zubibitarte kaleetako hainbat denda ikuskatu dituzte. Bost elikagai denda gutxienez. "Goizeko 11:30ak aldera kaletar jantzitako guardia zibil bi etorri dira dendara", kontatu du Traña-Matienako dendari batek. "Esan didate produktuak ikuskatzen dabiltzala. Urtero egiten dituztela halako ikuskatzeak, modu aleatorioan. Osasun agintaritzara deitu dut halakorik egin ote zezaketeen jakiteko, eta baietz esan didate. Badutela horretarako eskubidea".

Antza denez, atzerritik modu irregularrean ekarritako alkoholik edo eztirik ba ote zen ikuskatzen aritu da Guardia Zibila. "Produktu batzuen etiketak begiratu dituzte eta mostradorean ditudan kaxoiak ireki eta han ere begiratu dute. Alkohol eta ezti produktuak ikuskatzen dabiltzala esan didate, kanpotik hona ekarritakoak ekiditeko", azaldu du dendariak. "Eman didaten ikuskatze oharrak dioenez, bi guardia zibilak fiskalitate eta mugen ataleko agenteak ziren".

"Ohiko ikuskatzeak"

Bizkaiko Guardia Zibilaren informazio iturriek hedabide honi baieztatu dioenez, "ohikoak" dira tankera honetako ikuskatzeak. Zazpi bat urte dira horrelako zereginetan dabiltzala. Hiletik hilera produktu jakin batzuen gaineko ikuskatzeak egiten dituzte Bizkaiko herri askotako komertzioetan. "Produktu guztiek araudi batzuk beste behar dituzte eta ikuskatzeek helburu hori dute, legedia betetzen den jakitea. Etiketarik ez duten produktuak begiratzen dira. Produktuen gaineko txostenak egiten dira eta erretiratu ere egin daitezke azterketa bat egiteko", azaldu dute.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!