“Babes neurriekin lan egin izan dut beti, baina txertoagaz lasaiago ibiliko naizelakoan nago”

Anboto 2021ko mar. 2a, 16:50

Oihane Gulin abadiñarrak koronabirusaren aurkako txertoa jaso du arratsalde honetan, Ilunbeko zezen plazan (Donostia, Gipuzkoa). Bigarren dosia maiatzaren 25ean ipiniko diote.

Dena “oso azkar” eta aurreikusi bezala joan dela adierazi du Oihane Gulinek (Abadiño, 1992). Gaur arratsaldean koronabirusaren kontrako txertoa jaso du Osasun Sailak Donostiako Ilunbe zezen plazan ipinita duen txertaketa masiboen gunean. “Joan zen astean gure zentroko koordinatzaileari deitu zioten txertoa ia zenbatek ipini gura genuen galdetzeko. Niri domekan jakinarazi zidaten gaur txertatuko nindutela”, azaldu du.

Gulinek Bergaran du lantokia (Gipuzkoa). Aransgi elkartean egiten du lan, Gipuzkoako Gorren Familien elkartean. Hori dela eta, hainbat eskolatara joaten da gorrak diren ikasleei hezkuntza arreta berezia eskaintzera. “Txertoa hartzeko aukera eman didate eta aukera baliatu dut. Norbere partetik aletxo bat ipintzea inportantea dela iruditzen zait, azken finean, umeekin lan egiten dugu-eta. Babes neurriekin lan egin izan dugu beti, baina txertoarekin lasaiago ibiliko garelakoan nago. Itinerantzia handia dugu, batetik bestera gabiltzalako. Bergaratik Urretxura eta Zumarragara lakualdatu ohi naiz”, dio.

Gulinek gaur jaso du txertoaren lehenengo dosia eta maiatzaren 25ean jasoko du bigarrena. AstraZeneca etxearen txertoa ipini diote.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!