Martxoak 8

“Hilekoa ikusezin bihurtu dute; hain zuzen ere, hilekoari lotutako produktuak saltzeko”

Ekaitz Herrera 2021ko mar. 1a, 13:40

Iraide Gulin Garcia (Abadiño, 1991) soziologoa eta hezkidetzan aditua da. Telebistako iragarkietan hilekoa zelan errepresentatzen den aztertu du bere Gradu Amaierako Proiektuan. Hain zuzen ere, Evax etxearen kasua aztertu du. Honako izenburu hau ipini dio bere ikerlanari: “Posible al da hilekoko odola erakustea espazio publikoan?”. Erantzun batzuk topatu ditu. Gainerakoan, hezkuntza sexualari eta indarkeria matxistaren aurkako lanketari lotutako saioak dinamizatzen ditu gaur egun.

Bada, hasi gaitezen galdera horri erantzuten. Posible al da hilekoko odola erakustea espazio publikoan? Zein da erantzuna?
Erantzun konplexua du. Hilekoaren gaia tabu lez bizi dugu oraindino. Ez da zerbait pertsonala bakarrik. Biztanleriaren erdiari eragiten dio. Eta biztanleriaren erdiari eragiten dion gaia denez, harekiko dagoen ikuspegia zerbait kulturala eta politikoa ere bada. Baten batek honako hau zioen: hilekoa izatea politikoa da. Badirudi lotsa sentitzen dugula zikintzeagaitik. Nazka moduko bat. Eta iragarkiek zein erantzukizun dute hor? Bada, hori zelan errepresentatzen zen aztertu gura izan dut proiektuan. Zehatz esanda, hilekoak telebistan duen errepresentazioa aztertu dut, 2019tik 2020ra bitartean Evax produktuen iragarkietan.

Evax marka aipatu duzu. Zergaitik, Evax?
Evaxek hartzen duelako telebistan hilekoari lotuta dauden iragarkien monopolioa. Ausonia ere badago, baina Ausonia adinduagoei begirakoa da. Evax gazteagoekin lotzen da.

Eta zein ondorio atera dituzu Evaxen iragarkietatik?
Batetik, hilekoa tabu lez irudikatzen jarraitzen dela. Bestetik, Evaxen iragarkietan ez direla feminismoaren balioak txertatzen. Ez da hilekoko odolik erakusten. Disimulatu edo ikusezin bihurtzen dute, eta horrek dakarrena da zelanbait, hilekoa patologizatu egiten dela. Oso adierazgarria den beste kontu bat da kolore gorria kendu egiten dela iragarkietatik. Hasieran, orain urte batzuk, gorriz jantzitako emakume bat ageri zen iragarkietan. Hilekoa pertsonifikatzen zuen. Baina gaur egun ez dago halakorik. Kolore gorria kendu egin dute eta hilekoa berba modura ere ez da aipatzen. Gainera, kolore gorriaren antonimoa dena, urdina, erabiltzen da gehienbat. Bestetik, iragarkietan ez da espazio errealik agertzen. Ez da kalerik agertzen. Ez dago komunik. Espazio irrealak irudikatzen dituzte, zelanbait, irudizko mundu bat. Horren guztiaren ondorioa da hilekoa desagerrarazi egiten dela. Hilekoa desagerrarazi dute hilekoari lotutako produktuak saldu ahal izateko. Hilekoaren ukazioa muturrera eraman dute.

Beraz, eufemismoak dira nagusi iragarkietan?
Bai. Lehen, eszenako irudi batzuk gorriak ziren. Lehen, kolore gorriko eraikin batzuk ageri zitezkeen iragarkietan. Baina, orain, akrobaziak egiten dituzten emakumeak agertu daitezke atzean agertzen den kolore urdinaren gainean. Eta zer gura duzu esatea, hilekoa dugun une horretan ez dugu akrobaziarik egiteko gogorik izaten.

Hilekoaren zentzua desegin egin da beraz?
Fenomeno fisiologiko natural bat desnaturalizatu egin da. Kontua ez da hilekoa erakustea. Kontua da hilekoaren odola erakustea, horrek konnotazio bat duelako. Hedabideetan ikusten dugun odola heriotzagaz edo gerragaz lotuta doa. Baina hilekoko odola, ostera, ezkutatu egiten da. Lehen, erlijioak markatzen zuen hilekoaren esangura. Emakumearen purutasun hori, garbitasun hori. Orain, hedabideek markatzen dute ikuspegi hori. Dena dela, alde onak ere topatu ditut. Badira hilekoa bere horretan erakusten duten iragarkiak. Australian, esaterako, topatuko ditugu halakoak. Iragarki batzuetan odol tantak ikusiko ditugu, hankatik behera. Ikasleak agertzen dira iragarkiean, elkarri osasun produktuak eskatzen. Telesail batzuetan ere agertzen dira halako egoerak. Badira alternatibak. Dena dela, hilekoa naturalizatzea feminismoak duen beste erronka bat da.

Eta, jakina, honek guzti honek subjektu oso bati eragiten dio: emakumeari.
Bai, hilekoa patologizatuz, hilekoa daukan pertsona ere patologizatzen da. Emakumearen gorputzean gertatzen den zerbait da.

Nondik hasi gaitezke pauso bat aurrera egiten?
Gure hilekoagaz hartu-emanetan ipintzen, odolaren kolorea antzematen, zure gorputzari entzuten. Hasierako pausoa norberak eman behar luke, eta behin hori eginda, gero, kolektibizatu egin daiteke. Margolan bat ere egin dezakezu zure hilekoagaz, gura izanez gero.

Hilekoaren gaian dagoen beste eztabaida bat higiene produktuen prezioei buruzkoa da.
Bai. Hilekoa ez da luxu bat. Eskozian, adibidez, hilekoari lotutako osasun produktuak debalde eskuratu daitezke toki publikoetan. Uste dut hori badela jarraitu beharreko eredu bat. Hilekoa ezin da luxu lez ulertu. Hilekoa ugalkortasuna da, eta, horrenbestez, bizitza. Eta bizitzagaz ez da jolasten. Gizarte osoa dago horren atzean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!