Zelan aldatu da zuen jarduera pandemiaren eraginez?
Orain arte, irailean, ikasturte osorako izaten genituen eskolen erreserbak, baina ikasturte honen hasieran ikastetxe askok irteerarik ez egitea erabaki zuten. Hau ikusita, beste irtenbide batzuen bila hasi ginen. Asteburuko ekintzak astean zehar egiten hastea izan zen horietariko bat, mendi ibilaldiak hain zuzen ere. Eta, gure sorpresarako, mendi ibilaldiak astean zehar antolatzeak oso harrera ona izan zuen. Antolatzen genituen ibilaldietako taldeak osotu eta itxarote zerrendak izan genituen. Hezkuntza Programari dagokionez, ikastetxeek arazotzat hartzen zutena autobusean etortzea zenez, Urkiola Parke Naturala osotzen duten udalerrietako ikastetxeei eskaintza berri eta ezberdin bat egiten hasi ginen: geu joatea herri horietara, eta eskola ondoko inguru natural batean zenbait dinamika lantzea, mitologia, landaretza eta beste hainbeste gai jorratuta. Oraingoz, Dimako, Atxondoko eta Matienako eskolekin egin dugu eta poliki-poliki beste udalerrietara ere zabaltzen joateko asmoa dugu. Orain arte Lehen Hezkuntzakoekin egin dugun arren, eskaintza hau DBHra zabaltzeko aukera ere ikusten dugu. Eskaintzen ditugun jarduera guztiak, Hezkuntza Programa, mendi ibilaldiak, ekintza autogidatuak… dohakoak dira.
Honez gainera, Bizkaiko hiru parke naturalei buruzko material digitala ere prestatzen hasita gaude. Material honen barruan, ziklo bakoitzari egokitutako aurkezpen bat, galdera sorta bat, rol jolasak egiteko dinamikak eta abar aurkitu ahal izango dira.
Zenbat irteera egin dituzue?
Hainbat irteera egin dugu astean zehar; Dantzalekura, Andastora, Astxikiko bira, Otxandioko ibilbidea, Untzillatxeko bira, Ikazkinen bidea, Baltzola ingurura… Momentuan zegoen araudira egokituta, hainbat ibilbide antolatu dugu. Ibilbiderik gehienak nahiko errazak izan dira eta Parkeko toki ezezagunak ezagutaraztea zen gure helburua. Talde txikiak izan behar zirenez, honek beste giro hurbilagoko bat sortzen ere lagundu digu eta jendeak zituen kuriositate eta zalantzak ahal ziren neurrian asetzen ahalegindu gara. Momentu honetan hain murriztuta dagoenez mendi irteeretan parte hartu dezaketen pertsonen kopurua, beste ekintza mota batzuk antolatzen hasi gara. Umeentzako ginkanak udalerrietan, adibidez.
Zelan izan dezakegu ekintza hauen berri?
Besteak beste, Bizkaiko Parke Naturalen lagun eginez gero, hiru parke naturalen inguruko informazioa jasotzeko aukera dago, eta urtaro bakoitzaren hasieran Bizkaia Naturala aldizkaria argitaratzen dugu.
Bestela, egoera normala denean, zer ikusi dezake Toki Alai bisitatzen duenak?
Toki Alai bisitatzera etorritakoan, ez dago ezberdintasunik orain eta lehen ikusi genezakeenaren artean. Parketxean hiru gela daude ikusgai, pantaila eta jolas elkarreragileak dituztenak. 10 minutuko ikus-entzunezko bat ere badugu. Erakusketa finkoaz gainera, hainbat ekintza autogidatu eskaintzen dugu urte guztian zehar, Saibigaineko laino misteriotsuaren bila eta ginkana basoan, adibidez.
Zer komentatzen dute bisitariek?
Bada Durangaldeko jende asko Urkiolara sarritan etorri dena baina Parketxea dagoela jakin ere ez dakiena, eta etorri izan direnean sorpresa hartu dutenak. Askotan ondotik pasatu baina barruan zer zegoen imajinatzen ez zutenak. Erakusketan, azalpen geologikoak ikusi daitezke: lurra itsaso azpian zegoela, eta mendiak zelan sortu ziren, adibidez. Baita ikusten ditugun haitzen barrualdea zelakoa den ere. Urkiola ur muga dela azaltzen duen panela ere badago. Urkiolan aurki ditzakegun ekosistemak eta basoko bizidunen inguruko jolasak ere baditugu, mitologiari buruzko bideo labur bat, giza-jarduerek paisaian eragindako aldaketak eta Eskuagatxen hil zen Bizkaiko azken hartza ere bai.
Parkeko animalien artetik, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Kakalardo adarluze alpetarra [Rosalia alpina], adibidez. Bera da baso osasuntsuen erakusleetariko bat. Bere beldarrek egur ustela jaten dute eta baso aberatsaren adierazle dira, ekosistemen birziklatzailetzat hartu ditzakegu eta. Bestalde, inguruan dugun kareharrizko mendilerro honetan, bada Afrikatik datorren hegazti bat: sai zuria. Sai zuria zein beste hegazti ugariren bizilekua babesteko asmoz, Urkiolako mendietan gauzatu daitezkeen jarduera batzuk mugatuta daude epe zehatz batzuetara. Lehendik ere jendea bazebilen arren mendietan, pandemiaren ondorioz inguru naturaletara jo duen jendetza izugarria da, eta kontuan izan behar da inguru naturala errespetatu egin behar dela eta ahalik eta kalterik gutxien egiten ahalegindu behar dugula esparru naturalak kontserbatu gura baditugu.
Kakalardo adarluze alpetarra. (Argazkia: Zigor Arteaga)