Mendiolako eskola zaharraren kudeaketa 2026ra arte Errekatxoren esku jarraitzea onartu du Abadiñoko udalbatzak

Aritz Maldonado 2021ko ots. 4a, 10:23

Azken udalbatzarrean, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen Abadiñoko Udalak eta Errekatxo elkarteak Mendiolako eskola zaharren eraikina erabiltzeko duten hitzarmena beste bost urtez luzatzea eskatzeko. EH Bilduren bost ordezkarien aldeko botoekin onartu zen mozioa. Honenbestez, Errekatxo elkartea 2026ko urtarrilera arte kargu egingo da eskola zaharreko kudeaketaz.

Abadiñoko Independienteen ordezkariak abstenitu egin ziren eta EAJk aurka bozkatu zuen. "30 urtean, Errekatxo elkarteak ondo egin du bere lana, ondo zaindu dituzte eraikina eta inguruak, besteak beste, eta hori nabarmendu egin behar dela uste dugu", azaldu zuen Unzalu Salterain EH Bilduko zinegotziak.

Abadiñoko Udalak eta Mendiolako Errekatxo elkarteak hitzarmena sinatu zuten 1988ko abenduan, eskola zaharren eraikina elkarteak erabili zezan. Iaz, hitzarmena mugagabea izateko eskaria egin zuen elkarteak, EH Bilduren esanetan. Horren ondoren, udaleko idazkariak txosten bat egin zuen, "gune publiko bat elkarte bati uzteak justifikazio berezi bat behar zuela argudiatuz", koalizio subiranistak esandakoaren arabera. Hain zuzen ere, EAJk ezetz bozkatu zuen, behin betiko txostena jaso arte ez duela erabakiko argudiatuz. "Errekatxok eginiko ekarpena handia da, auzoa bizirik mantentzen lagundu du. Baina duda dugu hitzarmena bost urtekoa izan daitekeen. Txosten berria jaso artean ez dugu erabakiko", azaldu zuen Mikel Garaizabal alkateak; mozioaren bozketa txostena jaso arte atzeratzeko proposatu zuen aurretik. Javi Crespo alkateordeak (AI) ere Errekatxoren lana goraipatu zuen, eta abstenitu egin ziren bozketan. "Ulertzen dugu kontratua berritu egin behar dela, izan ere, egungoak urte asko ditu. Errekatxok ekarpen handia egin dio auzoari, eta auzoa batzeko egin duen lana ere handia da. Horregaitik, abstenitzea erabaki dugu", esan zuen.

Hausnarketarako denbora
EH Bilduko Unzalu Salterainen esanetan, eraikina elkartearen esku bost urterako uzteko eskariaren arrazoia "eraginkortasuna" da. "Proiektuari buruzko hausnarketak integrala izan behar du. Udalak, elkarteak eta herritarrok hausnartu behar dugu. Eraikina uztea ez da esklusiboa, eta erabiltzeaz gainera, eraikina eta inguruak ere zaindu egiten dira, besteak beste. Auzoaren ardatz soziala da", gaineratu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!