Kristalak apurtu eta kalteak eragin dituzte Traña-Matienako 20 bat autotan

Anboto 2021ko urt. 24a, 18:30

Autoak gaur goizean agertu dira apurtuta. Ertzaintzak gertakaria argitzeko ikerketa hasi du.

Ezezagunek kristalak apurtu eta kalteak eragin dituzte Abadiñoko Traña-Matiena auzoko hainbat autotan. Mikel Garaizabal alkatearen esanetan, “19 auto kaltetu dituzte gutxienez, baina hogei baino gehiago ere izan daitezke, erraz”.

Solaguren kalearen ondoko aparkalekuan, eta Trañaetxoste eta Arzubia kaleen bueltan izan dira apurketok. “Goizean gerturatu naiz Solagurengo aparkalekura. Autoen jabeetako batzuekin egon naiz. Ertzainetara jo dute salaketa ipintzera. Bestalde,  autoa ondo ote zegoen ikuskatzera gerturatu denik ere egon da”, azaldu du Garaizabalek.

9 salaketa

Ertzaintzak hedabide honi baieztatu dionez, oraingoz, 9 herritarrek ipini dute salaketa. Erasoak bart gauerditik aurrera gertatu direla jakinarazi du, eta, gaineratu du gertaturikoa argitzeko ikerketa bat abiatu duela.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!