“Poz handia ematen dit jendea nik sortutako belarritakoekin ikusteak"

Aitziber Basauri 2021ko urt. 17a, 10:30

Leile proiektuak bidea hasi berri du eta Leire Delgado pozik dago orain arte izan duen erantzunagaz. Joan zen irailetik, berak sortutako belarritako eta lepokoak erakusten  ditu Instagramen bitartez (@leile_bitxiak) eta zenbait azokatan parte hartzeko aukera ere izan du hileotan. Abadiñarraren ustez, geroago eta gehiago baloratzen dira eskuz egindako sortzaileen lanak.

Noiz hasi zinen bitxigintzarako zaletasunagaz?
Betidanik izan dut belarritakoekiko zaletasuna. Inoiz ere ez dut etxetik irteten belarritakorik barik. Bada, orain pare bat urte materiala erosten hasi nintzen belarritakoak egiteko neuretzat. Konfinamenduan are eta gehiago egiten jardun nuen eta ikusi nuen piloa nituela, neuk bakarrik erabiltzeko. Ekonomikoki ere ez da oso bideragarria. Gainera, belarritakoek euren esentzia galtzen zutela iruditu zitzaidan. Gurago nuen norbaitek erabiltzea, jendeagaz partekatzea. Beraz, lagunei, ezagunei… saltzen hasi nintzen iaz. Apurka-apurka zabaltzen joan da proiektua.

Zertan oinarritzen da Leile bitxiak? Zelan definituko zenuke?
Oso urduria naiz eta asko lasaitzen naiz belarritakoak egiten. Beste mundu batean sartzen naiz, ondo sentiarazten nau. Gainera, jendeagaz hartu-emana izateko aukera ematen dit, jende berria ezagutzeko. Horretan oinarritzen da proiektuaren zati handi bat, salmentara mugatu barik. Momentu honetan, zaletasuna dut bitxigintza.

Zerk inspiratzen zaitu?
Asko fijatzen naiz jendeak eramaten dituen belarritakoetan. Dena dela, barrutik sortzen zait inspirazioa. Materiala erosi eta probak egiten joaten naiz. Egindako belarritakoak desberdinak dira lehenengo begi kolpean, ahalik eta jenderik gehienarengana heldu gura dudalako, baina esentzia bera dute denek. Diseinu bati jarraitzen diote denek. Egunerokoan erabiltzeko belarritakoak sortzea dut helburu, oso erabilgarriak izatea. Proiektu txikia da oraindino. Asko dut ikusteko eta ikasteko, jendearen premiei egokitzen joateko.

Denak eskuz egindakoak dira.
Bai, pazientzia hartuta. Ez da prozesu gatxa, trebezia behar da. Piezak ahokatu egiten ditut, batez ere. Eta, behar denean, estainoagaz itsasten ditut. Materiala topatzea eta aukeratzea da gatxena. Dena dela, hasiberria naiz oraindino.

Zeintzuk material erabiltzen dituzu?
Latoia erabiltzen dut gehien, harri naturalak, plastikoa, erretxina… Edonoren eskura dauden bitxiak egin gura ditut. Dena ondo badoa, baliteke bestelako materialak ere erabiltzea: zilarra, urrea…

Noraino heldu gura zenuke proiektu honegaz?
Proiektu hau zaletasun moduan hasi zen eta horrela jarraitu gura nuke, oraingoz behintzat. Administrari lan egiten dut eta ikasten nabil. Ez dut hori alde batera utzi gura. Hala ere, ez dut ezer ere baztertzen. Jendeak gustuko izan ditu nik sortutako belarritakoak eta baliteke etorkizun batean modu serio batean jardutea. Ilusio handiagaz hasi naiz.

Harritu egin zaitu belarritakoek izan duten harrerak?
Pozik nago, espero baino hobeto joan da dena. Ahoz ahokoagaz joan da zabaltzen. Konfinamenduan hasi nintzen neure lanak erakusten, ingurukuen artean. Irailean, sare sozialetan zabaltzen hasi nintzen. Jendeak nigan ipini duen konfiantzak harritu egin nau. Esaterako,  Oñatitik lau belarritako desberdin eskatu dizkidate, ni ezagutu barik. Batez ere, Durangaldetik eskatu dizkidate belarritakoak, baina, Gasteiztik eta Getxotik ere bai.

Zer sentitzen duzu jendea zure belarritakoekin ikustean?
Poz handia ematen dit jendea nik sortutako belarritakoekin ikusteak. Ilusio handia egiten dit.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!