Gartzen Elejabarrietak brontzezko domina lortu du mendi eskiko Espainiako Txapelketan

Maialen Zuazubiskar 2021ko urt. 14a, 19:54
Gartzen Elejabarrieta eskumatik hasita lehenengoa. (Argazkia: Euskal Mendizale Federazioa)

Gartzen Elejabarrieta eskiatzaile abadiñarrak brontzezko domina lortu du Euskadiko selekzioagaz mendi eskiko Espainiako Txapelketan, erreleboetako proban. 

Gaurtik domekara bitartean mendi eskiko Espainiako Txapelketak jokatzen dabiltza Boí Taüll-en (Herrialde Katalanak). Gaur lehenengo proba izan dute eskiatzaileek eta Euskadiko selekzioak lehengo domina lortu du. Talde horretako parte izan da Elejabarrieta.

Domekara bitartean, Abadiñoko eskiatzaileak beste hiru probatan parte hartuko du: sprintean, banakakoan eta bertikalean. 

Ajuriak ezin izan du parte hartu
Bestalde, Euskal Mendizale Federazioak bere sare sozialetan jakitera eman duenez, azken uneko arazo batengatik erreleboetako proban parte hartzekoa zen eskualdeko beste ordezkaria, Aitor Ajuria otxandiarra, ezin izan da Boí Taüll-era joan. Beraz, Durangaldeak ordezkari bakarra du mendi eskiko Espainiako Txapelketan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!