Abadiñoko dendariek eta tabernariek urtarrilaren 27ra arteko epea dute diru laguntza berriak eskatzeko

Anboto 2021ko urt. 13a, 08:50

Abadiñoko Udalak 80.000 euroko partida onartu du koronabirusaren eraginez itxi behar izan duten dendariak eta ostalariak laguntzeko. 

"Diru laguntza honen asmo nagusia herriko egonkortasun ekonomikoari eustea eta ixtera behartuak izan diren negozioen egoera arintzen laguntzea da, ahal den neurrian", azaldu du Iñaki Rekalde Abadiñoko Ogasun, Ekonomia sustapen eta Enplegu zinegotziak. 2.000 eurorainoko laguntzak eskatu ahalko dira, eta Rekaldek azpimarratu duenez, 2020 amaieran Abadiñoko Udalak emandako 1.000 eurorainoko laguntzekin bateragarria da diru laguntza berri hau.

Dendariek eta ostalariek 2021ean "jarduera martxan edukitzeko" konpromisoa hartu beharko dute. Hiru langile dituzten establezimenduen kasuan 1.500 eurorainoko laguntzak eskatu ahalko dituzte, eta lau langile edo gehiago dituztenen kasuan 2.000 eurorainokoak. 

Hobekuntzak herriko bost ibilbidetan

Bestalde, Abadiñoko Udalak Gaztelua inguruetako bost ibilbidetako seinaleak hobetu ditu Abadiño Lagunkoiaren proposamenari jarraituta.Aurretik, ez zegoen seinalerik bide horietan. Seinaleak Sistrimingo bidean, galtzada zaharreko bidean, San Martin basoko bidean, Kerizperriko bidean eta Olako bidean ezarri ditu udalak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!