[BIDEOA] Hamar bat motor erre dira bart Abadiñon izandako sutean

Anboto 2020ko abe. 22a, 09:15

Ibilgailuak gordetzeko erabiltzen den negozio batek su hartu du bart, 22:00ak aldera. Muntsaratzetik Mendiolarako bidean dago eremua, hormigonera parean. 

ANBOTOk negozioaren jabeagaz egin du berba. Sutea gertatu zen une hartan “hamar bat baserri-motor” zeuden bertan biltegiratuta. “20:00ak inguru arte bertan egon naiz. Handik joan eta gero deitu egin didate sutea piztu dela esateko. Motorrak nituen han gordeta, baserri-motorrak. Izango ziren hamar bat-edo” esan du jabeak. 

Bertan biltegiratutako motorrek ez ezik, lur-arlo berean eraikita dagoen baserri itxurako txabolak ere kalteak jasan ditu. Jabeak lanerako bulego lez erabili izan du txabola. Hain zuzen ere, suhiltzaileek uste dute toki horretan sortu dela sutea. Berogailu sistemak hartu omen du su. Egurra erretzeko sistema du berogailuak.

Suhiltzaileak 22:00ak aldera bertaratu dira eta goizaldeko 01:00ak arte egon dira bertan sutea amatatzen eta gera zitezkeen txingar-hondarrak itzaltzen. Ertzaintzaren patruila bat eta anbulantzia bat ere bertaratu dira. Zorionez, ez da zauriturik egon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!