Abadiñoko Udalak 80.000 euroko partida onartu du osasun neurriengatik itxita dauden denda eta ostalarientzako

Anboto 2020ko abe. 17a, 09:36

Artxiboko irudia.

Martxoko alarma egoeraren ondorioz jarduera geratu behar izan zuten merkataritza eta ostalaritza lokalei 2.000 eurorainoko laguntzak emango dizkie Abadiñoko Udalak. 

Iñaki Rekalde Abadiñoko Ogasun, Ekonomia sustapen eta Enplegu arloko zinegotziaren berbetan "herriko ekonomia suspertea eta lokalen itxierak ekarritako kalteak ahal den neurrian arintzeko" helburua dute laguntzek. "Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasi eta ondoko 15 egunetan eskatu ahalko dira. Laguntzak 1.500 eurorainokoak izango dira hiru langile dituzten establezimenduentzat, eta 2.000 eurokoak lau langile edo gehiago dituzten lokalentzat". Rekalderen berbetan, diru laguntzak jaso gura dituztenek, 2021ean ere jarduera mantentzeko konpromisoa hartu beharko dute.  

"Antolakuntza eta eskariei esker"

EH Bilduren arabera, kaltetutako sektoreko kideak zoriondu gura izan ditu ohar baten bidez. "Beste behin, sektore bezala antolatzeak eta elkarlanean aritzeak duen garrantzia frogatu da", azaldu du ohar baten bidez. Horrez gainera, abenduaren 4ko bozeramaileen batzordera beraiek eraman zutela proposamena aldarrikatu du EH Bilduk ohar berean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!