AHTren dirua beharrizan sozialetara bideratzea eskatu dute Atxondon eta Abadiñon

Anboto 2020ko abe. 12a, 13:21

“Elefante zuririk ez” lelopean, AHTren aurkako elkarretaratze bana egin dute Abadiñon eta Atxondon.

Abadiñoko Txanporta plazan hainbat herritar batu dira AHTren aurkako kontzentrazioan. Trena egiteko baliatzen ari den dirua beharrizan sozialetara bideratu dadin eskatu dute, “kulturara, zaintzara edo euskarara”, adibidez. Salatu dutenez, 12.000 milioi euroko kostua izango du AHTak eta horren zati bat, 93 milioi euro,  Abadiñoko zatia egitera bideratuko litzateke. Azken puntu hau dela eta, Abadiñoko alkate Mikel Garaizabalen jarrera salatu dute. “Iraingarria da onurarik ekarriko ez duen tren batean dirutza gastatzea. Abadiño maite dugu. Maite dugu gur ingurumena. Ez gaude prest hori apurtzeko. Baserritarra izanda, ez dugu gure alkatearen jarrera ulertzen”, esan dute.

Atxondon ere elkarretaratzea egin dute. Bidegorri parean trenaren zubietako bat eraikiko dela eta, “protokolo bat” diseinatu dute, “makinak bidegorrira sartzen direnerako”. Makinak sartzen direnean sirena soinuak aktibatuko dituztela aurreratu dute. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!