San Blas feriarik ez da egingo otsailean

Anboto 2020ko abe. 11a, 21:22
San Blas eguneko azoka, 2019an.

Osasun neurriak direla eta, Abadiñoko Udalak San Blas eguneko azokarik ez antolatzea erabaki du gaur.

Abadiñoko udalbatza osatzen duten talde politikoek bilera egin dute gaur arratsaldean, besteak beste, San Blas jaien inguruan berba egiteko. Erabaki bat utzi du bilerak: otsailaren 3an ez da San Blas eguneko nekazal eta ganadu azokarik egingo. Mikel Garaizabal alkateak azaldu duenez, jende pilaketak saihetsi gura dituzte erabakiagaz. “Edozer antolatuz gero, jendea Euskal Herri osotik etorriko litzateke”, adierazi du. Osasun neurriei begirako erabakia da, beraz, azokarena.  

Eta azokaz aparte, bestelako ekitaldirik egingo al da San Blas jaien baitan? Idi-probak, esaterako? Udalak oraingoz ez du ezer baztertu ezta baieztatu. Garaizabalen esanetan “baliteke San Blasei lotutako ekintzaren bat egitea. Ekintza puntualen bat”, adierazi du.

Otsailaren 3an Abadiñon egin ohi den baserritarren azoka Bizkaiko feriarik handienetakoa da. Euskal Herri osoko herritarrak hurbildu ohi dira azokara, jai-girora eta idi-probetara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!