“Kanpotarrek idatzitako historia irakatsi digute, baina ni gertakariak hemengoen begietatik interpretatzen saiatzen naiz”

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 6a, 10:30

XVII. mendean, Arrazolatik hasita, Durangaldean lan egiten zuen diru faltsutzaile talde bat da eleberriaren ardatza. Taldean, Otxandioko, Berrizko, Abadiñoko, Mañariko eta Aramaioko kideak zeuden. Abenduaren 17an, Durangoko Arte eta Historia museoan aurkeztuko du liburua Mila Salterainek.

Diru faltsutzaile talde bat, non eta Arrazolan. XXI. mendeko betaurrekoekin kosta egiten da hain ingurune baketsuan halakorik egon zela pentsatzea.
Berrogeita hamar lagun inguru auzipetuak izan ziren, artean gizonezkoak eta andrazkoak zeudela. Arrazolarrez, aramaiarrez, otxandiarrez, mañariarrez, berriztarrez eta abadiñarrez osatutako taldea zen. Artean adin txikikoak ere baziren, garai hartan hogeita hiru urte arterainokoak adin txikikoak baitziren.

Zelan testuinguratu duzu zure istorioa?
XVII. mendeko gertakizunak zirenez, garai hartan plazaratu nuen Manuela Mena, bere bizitzako lehen hogei urtean itsarorik zegoenik ere ez zekien gazteak hurrengo hogei urteetan munduko itsasoak zeharkatu zituenez, garai hartako kulturaz, arteez, ekonomiaz eta politikaz jantzi ditut orduan gertatutakoak.

Manuela Mena gaztearengan gorpuztu duzu istorioa. Zelan eraiki duzu bere pertsonaia eta nobelako gainerakoak?
Manuela berrogei urteko andrazkoa da. Azken hogei urtean bizitzak handik hona eta hemendik hara erabili du. Joan-etorri horietan asko ikusi eta ikasi duen arren antzik eman ezinda dabil bere asku dagoen hamasei urteko nerabearen jatorriari. Liburuaren azalean ageri den margolana ikusi zuen behin Bruggen (Flandria), eta koadro hartan ageri ziren beiren osteko hesiak ikusteaz batera azken hogei urtean bizitakoa gogoratzen hasten da. Manuelak munduan hara eta hona ibiltzeko lagunak behar zituenez, protagonistak eskatu ahala, narratzailea Manuelaren bidaideen argibideak eta ibilerak zehazten ahalegindu da.

XVII. mendean kokatutakoa da istorioa, baina iruzurrek eta diru faltsutzeak, gaur egun ere, oso presente daude. Ez gara aldatu?
Iruditzen zait mundua mundu denetik antzerakoak izango direla gizakiengan eragina duten sentimenduak eta grinak. Faltsuketak eta iruzurrak egitera ere arrazoi desberdinek bultzatuko gaituztelakoan nago. Ez da berdina izango premiak bultzatuta egindako faltsuketa eta diru eta boterearen egarriaren egarriz egiten diren iruzurrak.

Tituluari erreparatuta. Galdera horri erantzuten al dio tituluak berak? Ordukoa koroaren aurkako matxinada izan zen ala iruzurra?
Eskuragarri dagoen dokumentazioa errepasatu nuenean ondorioztatu nuen faltsutzaileek halako finantza ingeniaritza bat ere bazeramatela. Ez dirudi gixagaixo-koitada batzuek antolatutako negozio bat izan zitekeenik. Eta hainbeste lagun, zertarako? Hortik abiatu ziren nire susmoak: iruzurra ala matxinada? Gertatu zena jakitea ezinezkoa da, zeren, gordetzen den dokumentazio guztia alde batekoek idatzitakoa da. Halere, gauza latzak gertatu zirela dirudi. Adin txikiko bati—Martin Aranari—heriotza-zigorra jarri zioten. Surtan erreta hiltzera kondenatua izan arren ezarritako zigorra lau urteko galera-zigorragatik trukatu zioten. Kartzelan hil zen. Horrekin lotuta zeudekeen lorratz bi jasota nituen jada Durangaldean, bata Abadiñoko Leonardo Garatek kontatutakoa eta bestea Izurtzako Felisa Iturriagak. Kokaleku desberdinetan eta hainbaten garai desberdinetan girotutako gertakarietan faltsutzaileetariko bat kartzelan hil omen zen, batean itoginean eta bestean taldekide batek tirokatua.

Lehenagotik ere badituzu beste nobela historiko batzuk argitaratuta. Bistakoa da historiaren zale amorratua zarena...
Historiazalea baino gehiago interpretatzailea naizela esango nuke, zeredozer esateagatik. Kanpotarrek idatzitako historia irakatsi digute eta irakasten digute. Ni saiatzen naiz gertakari haiek hemengo, bertakoen, begiekin interpretatzen. Azken finean, historia hori dela uste dut, gertakizun zehatz batzuen interpretazioa, baina noren interpretazioa?

Durangaldeko irakurleentzat berezia izan daiteke 'Sasiola'. Istorioa norbere eskualdean girotzeak jakin-mina piztu ohi du. Zer esango zenieke Durangaldeko irakurleei?
Nobela, gaur egungoa baino zabalagoa den lurralde batean zehar egindako ostera bat da nire iritziz. Etxe ingurutik abiatutako fikzioak garai hartako Flandriara eta Ternuara garamatza, gutariko askoren arbasoak handik hona eta hemendik hara ibilitakoak izan zirelako ziurtasunagaz idatzia. Eskerrik asko jarriko duzuen arretagatik eta ea gustatzen zaizuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!