“Momentuko gogoaren arabera sortzen ditut ilustrazioak, bizipenetatik abiatuta”

Aitziber Basauri 2020ko aza. 29a, 12:00

Irati Bazetak (Abadiño, 1999) ilustrazioekin apaintzen ditu oihalezko poltsak. Gizarte Hezkuntzako ikasketek eta lanak uzten dioten denbora baliatzen du ilustrazioak sortzeko, gura lukeena baino gutxiago. Hala ere, marrazketa ez baztertzeko hartutako konpromiso pertsonalari eutsi gura dio.

Nondik datorkizu ilustraziorako zaletasuna?
Txikitatik gustatu zait marraztea. Pintura eskolak hartu nituen umetan, eta batxillergoan ere zenbait ikasgai artistiko egin nituen. Hala ere, Gizarte Hezkuntzako ikasketak hastean apur bat alboratuta utzi nuen, orain urte bi inguru berriro ilustrazioekin hasi nintzen arte. Konpromiso pertsonal lez hartu nuen, berriro margotzen hasteko, jarraipen bategaz. Margotzea zerbait kontatzeko modua da, barruan dudana kaleratzeko baliatzen dut ilustrazioa. Denok dugu zer kontatu eta denok dakigu margotzen.

Zelan definituko zenuke zeure lana?
Momentuan dudan gogoaren arabera sortzen ditut ilustrazioak, neure bizipenetatik, neure ideietatik abiatuta. "Barrutik kanpora margotzen", esaldi horregaz deskribatzen dut egindako lana. Bestalde, ikuspegi hezitzailea ematen ahalegintzen naiz, ikuspegi soziala eta feminista. Apur bat baztertuta izan dudan Euskal Herriko emakumeen ilustrazioen bildumagaz jarraitu gura dut orain. Sorginekin hasi nintzen, eta gero Josefina Lambertoren ilustrazioa ere egin nuen, Maravillasen istorioa kontatu guran. Askotan nazioartera jotzen dugu erreferente bila, baina Euskal Herriko emakume askoren lana ez dugu ezagutzen. Hori bistaratu gura dut.

Zerk inspiratzen zaitu?
Bizipenek, inguruko paisaiek, musikak, poesiak, irakurri dudan zerbaitek… Nahinon topatu daiteke inspirazioa.

Zeuk ilustratutako poltsak eskuragarri ipini dituzu. Nolatan hasi zinen?
Paperean egin izan ditut ilustrazioak, baina poltsekin aukera berri bat ikusi nuen. Baliteke ilustrazioa horman eskegitzeko horietarikoa ez izatea, eta gurago izatea zerbait dioen oihalezko poltsa. Margotzea gustatzen zait eta prozesu guztia eskuz egitea da helburua. Poltsa bakoitzari denbora bat eskaini behar zaionez, neure erritmora lan egiten dut. Helburua margotzea da, ez poltsak saltzea. Udan hasi nintzen, konfinamendua amaituta, eta harrera ona izan dute. Pozik nago.

Baduzu erreferenterik ilustrazioaren munduan?
Ilustratzaile askori jarraitzen diet, asko gustatzen zaizkit. Baten bat aipatzearren, Ane Pikazaren estiloa asko gustatzen zait, baita Paula Bonetena eta Adolfo Serrarena ere. Irati Egurenek ere oso gauza politak egiten ditu. Gustatzen zait lan desberdinak ikustea. Guztiek zerbait dute kontatzeko eta euren ilustrazioekin identifikatuta sentitzen naiz.

Etorkizunean ilustratzaile moduan ikusten duzu zeure burua?
Gizarte Hezkuntza eta artea uztartzen dituen zerbaitetan lan egin gura nuke. Ez dut hezkuntza baztertu gura. Arteak aukera asko ematen ditu: emozioak kudeatzeko, kontzentratzeko, lasaitzeko, berbaz esaten ez dakigun hori adierazteko… Oso tresna ona da hezkuntzarako.

Zein lan egingo zenuke gustura?
Poesia idaztea asko gustatzen zait. Bada, poesia eta ilustrazioa batuko lituzkeen lanen bat egitea gustatuko litzaidake gehien.

Katalamixon aisialdi elkartean ere bazabiltza lanean.
Bai, 15 urtegaz hasi nintzen eta oso gustura nabil. Komunitatea garatzeko eskola baino tresna gehiago ematen ditu aisialdi hezitzaileak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!