2021ean 800.000 euro bideratuko ditu Abadiñoko Udalak Zelaietatik Atxondoko mugaraino doan errepidea konpontzeko

Maialen Zuazubiskar 2020ko aza. 25a, 11:01

Abadiñoko udalbatzak 2021eko udal aurrekontuak onartu ditu asteon, EAJren eta Abadiñoko Independenteen aldeko bozkagaz.

2021eko inbertsioetan diru partidarik handiena Zelaietatik Atxondoko mugaraino doan foru errepideko lanek izango dute, 800.000 euroko diru partida. Gainera, 2022an lan horietara beste 766.000 euro bideratzeko konpromisoa hartu du udalak. Lan horien helburua Muntsarazeko sarreran biribilgune bat eraikitzea eta kamioia bertatik igarotzea debekatzea dira, besteak beste.

Mikel Garaizabal alkateak nabarmendu zuenez, 2021eko aurrekontuak, "aurrekontu biziak" dira "egoeraren arabera aldatzeko modukoak". Iñaki Rekalde EAJko zinegotziaren hitzetan, berriz, aurten gainera "zuhurtzia handiz" egin dituzte.

EH Bilduk, aldiz, aurrekontuen kontra bozkatu zuen eta aurkeztutako aurrekontuetan "parte-hartze eta gardentasun falta" zegoela kritikatu zuen Mikel Urrutia bozermaileak. "Gainera  ulergaitza egiten zaigu Abadiñoko Udalak 100.000 euro gehiago udaltzaingoan inbertitzea eta Hezkuntzara 45.000 euro gutxiago bideratzea.  Beraz, gurekin ez kontatu honetarako", bukatu zuen Urrutiak.

22 emendakin
Aurrekontuak hobetzeko asmoz EH Bilduk 22 emendakin aurkeztu zituen, baina hauek ez ziren onartuak izan. EH Bilduko zinegotziek emendakinen alde bozkatu zuten eta EAJk eta Abadiñoko Independenteek, berriz, emendakinen kontra egin zuten. "Ez dugu ulertzen zergatik aurkezten dituzuen orain emendakin hauek, zuek zuen proposamenak egin zenituzten eta batzuk onartu genituen eta", esan zuen Javier Crespo alkateordeak. "Zuen proposamenetatik 10 aurrekontuetara eramango genituela esan genizuen", jarraitu zuen alkateak. Hauei Mikel Urrutiak erantzun zien. "10 gauzetan konprometitu zareten arren, batzuk gure emendakinetan mantendu ditugu zuek proposatutako diru kantitateak nahikoak ez direlako".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!