"Josefina Lambertoren kasua berezia da, egondako errepresioa kontatzen duen gutxienetarikoa delako"

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 22a, 20:00

Juan Luis Napal (Iruñea, 1975) eta Virginia Senosiain (Iruñea, 1973) zinemagileek 'Florecica' dokumentala aurkeztu dute orain egun gutxi Abadiñon.

Dokumentalak Josefina Lambertoren bizimodua kontatzen du. Nafarroako Larraga herrian sortu zenetik gaur arte, askotariko errepresio formak jasan ditu Josefina Lambertok. Beharbada, haren ahizpa Maravillasi egin ziotena da jasan duen errepresio gertakaririk handienetarikoa. 1936ko altxamendu faxistaren testuinguruan, Guardia Zibilak Josefinaren aita eta Maravillas ahizpa eraman zituen etxetik. Harrezkero, ez dago aitaren berririk. Ez dute haren gorpua inon topatu. Maravillasen gorpua, ostera, bai, topatu zuten. Atxilo hartu zutenek hainbat bider bortxatu zuten, eta hil eta gero txakurrei eman zieten haren gorpua. Napalek erantzun die ANBOTOren galderei.

Josefina Lamberto beti ezagutu dugu Maravillas Lambertoren ahizpa lez. Maravillasek izan du entzuterik handiena, baina dokumentalagaz lekutxoa egin gura izan diozue Josefinari.
Bai, halaxe da. Josefina beti aurkeztu zaigu Maravillasen ahizpa lez. Tamalez, 14 urtegaz, hil egin zuten Maravillas, baina ordutik hona beti borrokan egon dena bere ahizpa Josefina izan da. Familiakoen gorpuen bila ibili da beti. Dokumentalak omenaldia egin gura dio Josefinaren borrokari. Filmean, bistakoa denez, Maravillasen gertakaria azaltzen da, baina Josefinaren bizimodua lantzen du batez ere.

Zelan sortu zen dokumentala egiteko ideia?
Aurretik egin genuen dokumental batetik dator dena. Insurgencia dokumentaletik, hain zuzen ere. Espainiako estatuan egondako errepresioari buruzko dokumentala da. Euskal Herrian izandako errepresioaz gainera, Espainiar estatuan egondakoak aztertu genituen. Josefina elkarrizketatu genuen, berak bizitako errepresioa salatu zezan. Josefinari 6-7 bat minutuko elkarrizketa egitea zen gure ideia, baina ordu eta erdiko batek irten zuen azkenean. Elkarrizketa amaituta, Virginiak eta biok elkarri begiratu genion. Konturatu ginen hor beste dokumental bat zegoela. Azkenean, Florecica dokumentala sortu dugu.

Dokumentalean Josefinaren aldarte borrokalaria ikusten dugu, baina baita bere samurtasuna ere.
Kutsu hori dago filmean zehar. 91 urte ditu eta erakusten digu emakumearen borroka gazte-gaztetatik eraman daitekeela zahartzarora arte.

Zein ekarpen egiten dio Josefinak emakumeen borrokari?
Josefinaren ekarpena berezia da. Kontuan hartu behar dugu Nafarroan errepresio kasu asko egon zirela. Hilketa pila bat. Batez ere, 1936ko egun horietan. 3.400 bat hilketa egon ziren. Eta hemen, Nafarroan, gertatu dena da urte askoan horiek kontatzeko beldur handia egon dela. Familia askok ez dute ezer kontatu. Beldur izan dira. Baina Josefinaren kasua berezia da, gertatu zena kontatzen duen gutxienetarikoa delako.

Josefina bere aitaren eta ahizparen arrastoaren bila ibili da urte luzez, nekatu barik. Zelan dago auzia?
Vicente aitaren gorpua ez da oraindik agertu. Maravillasena, bai, agertu zen bere sasoian. Erdi biluzik eta hankak txakurrek janda aurkitu zuten. Baina Josefinak beti jardun du aita bilatzen. Eta segituko luke, baina berak dioen bezala, jada ez du indarrik. Nafarroan egundoko lana egiten ari gara gai honekin. Gorpuak bilatzen segitzen ari dira. Baina gorpu asko ez dira sekula ere agertuko. Etxebizitzak eta errepideak eraiki dira horien gainean.

91 urte izan arren, Josefinari ez zaio borrokarako sena amatatu. Dokumentalak erakusten du Iruñeko Paris 365 jantoki sozialera joaten dela eta lotura estua duela Maravillas gaztetxeko kideekin.
Josefina Iruñeko Misericordia egoitzan bizi da eta astero-astero joaten da Paris 365 jantoki sozialera. Gurditxoa hartzen du, betetzen du azukre-koskorrez edo sagarrez, eta jantoki sozialean entregatzen du batutakoa. Bere modura bada ere, badu laguntzeko indarra. Maravillas gaztetxearekin ere berdin. Eraikinekoak irtenarazi zituzten arte, ia egunero joaten zen gaztetxeko gazteengana. Gozokiak eramaten zizkien. Atera zituzten egunean, alkatearengana joan zen halakorik egin ez zezaten eskatzeko. "Bere gaztetxoak" zirela zioen. Oso emakume konprometitua da.

Dokumentala aurkezten segituko duzue aurrerantzean?
Bariku honetan, azaroaren 20an, Ondarroan aurkeztuko dugu. Oraingoz, horixe da Bizkaian dugun data bakarra. Dena dela, hainbat data ari dira irteten. Nafarroan, adibidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!