[IRITZIA]: "Harria jaurti eta eskua gorde"

Anboto 2020ko aza. 16a, 20:00

Mikel Azkarraga Etxegibelek iritzi gutuna bidali du ANBOTOra.

Txibatoa, koldarra eta pertsona txarra izan behar da behar ez denarengana jo eta hari ozpin jarioka hasteko “urlia maskararik barik doa umeekin eskolara, sandia sudurra ondo tapatu barik eta berendia ahoa bistan, jaten”. Zer eta arau urratzaileak aire librean doazenean, demostratuta dagoenean zeru zabalaren azpia dela lekurik seguruena birusaren kontra, eta aire zabalean ia ezinezkoa dela birusaren atzaparretan jaustea (Hori demostratu dute hainbat ikerketek, igortzen ditugun aerosolak berehala desegiten direlako airean. Orduan, zergaitik ez arindu neurriak kanporako? Berdin geratu da demostratuta, zientzialariek demostratuta, umeak ez direla birusaren transmisio bektore nagusia, ezta urrik eman ere, eta kutsatutako gainazalen bitartez ez dela kutsatzen. Udaberrian umeak zelan izan genituen giltzapetuta gogoratzeak bakarrik hotzikarak ematen dizkit).

Inork ere ez du zuk botatako harri hori jaurtitzeko eskubiderik, letra odoltsuz “zu errudun, zu insolidario, zu arduradun” idatzita duen harria jaurtitzeko eskubiderik, inork ere ez dituelako errespetatzen ipini dizkiguten arau guzti-guztiak (zentzuzkoak zein inposatu dizkiguten zentzurik bakoak). Zuk jaurtitako harri horrekin ez dugu birusa desagerraraziko, ezta kutsatuen kopurua jaitsiko ere, eta gutxiago hankarik eta bururik bako neurriekin. Ez da bidezkoa gure egonezina, gure frustrazioa, gure beldurra eta gure tristura lagun hurkoari, herrikideari edo  sursum cordari errua leporatuta itotzea, arrazoirik barik gainera, immorala eta gizatxarrekoa delako alde batetik, eta, bestetik, ez dakigulako segurantza osoz zein zirrikitutatik sartzen den birusa.  

Denoi komeni zaigu, eta zuri ere bai esango nuke, gehiago irakurtzea (berripaper honek joan zen astean Ander Berrojalbiz durangarrari egindako elkarrizketa, esaterako. Oso interesgarria eta apropos-aproposa begiak zabaltzen eta zentzuz jokatzen laguntzeko) eta telebista gutxiago ikustea, onartezina delako hainbat komunikabidek alarma soziala muturreraino eramatea, jendarteari halako beldur neurtezina hezurretaraino sartzea eta zama guztia edo gehiena herritarrei, zer esanik ez ostalariei, bizkarreratzea. Horixe delako errazena, ostalariak, maisu-maistrak edo dena delakoa bekataritzat seinalatzea, eta haiei ogi birrinak agintzea isilik egon daitezen. Eta ogi birrinokin jan ditzatela azak eta porruak, baretzeko euren triparen orruak. Ezta, gobernariak? (Bide batez esanda, telebistan aginduak, aholkuak, iradokizunak eta abar ematen dizkigutenak maskararik barik daude leku itxi batean, plato batean, elkarrengandik nahiko gertu. Aireztapen ona dutela esango dute. Hori bai, kalean dagoen kazetariari paso ematen diotenean, kanpokoa maskara ipinita agertzen da, aire librean eta bakarrik. Kanpoan baino aireztapen hoberik, non? Burla egiten digute eta zelan ez da, ba, jendea ernegatuta egongo?) Alarma sozial inposatu horrekin, azkenean elkarri begietara begiratzeak ere beldurra emango digu, birusa nondik etorriko, eta ez dago gauza eskasagorik lotuta eta beldurra gorputzetik astindu ezinik bizitzea baino. Beldur horrek edo batek daki zerk eraginda ematen dizkiegu gero patxoak gure umeei maskara eta guzti, esate baterako. Sinesteko ere!

Zugana bueltatuz, lagun ezezagun hori, hurrengoan harri astun, zikin eta pozoitsu hori jaurti eta eskua bizkar aldean gorde beharrean, gorde harria eta pozoina poltsikoan, eta esan aurrez aurre esan beharrekoa, arau urratzaile eta deabru diren urliak, sandiak eta berendiak euren burua defendatu ahal izan dezaten gutxienez.

 

Mikel Azkarraga Etxegibel (Abadiño)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!