Mila Salterainek 'Sasiola' eleberri historikoa kaleratu du

Anboto 2020ko aza. 16a, 09:07

Argazkia: Alberdania

XVII. mendeko Durangaldean lan egiten zuen diru faltsutzaile talde bat da eleberriaren ardatza. Alberdania argitaletxeagaz kaleratu du nobela Mila Salterain idazle abadiñarrak. 

Arrazolan urrezko, zilarrezko eta kobrezko txanponak egiten zituen diru faltsutzaile taldea da eleberriaren motorra, protagonista nagusia, ostera, Manuela Mena gaztea da. "Pentsa zer zen XVII. mendean, hemeretzi urteko neskatila bat, epai bat dela medio deserriratua eta isun bat ordaintzera derrigortua izatea... Berehala etorri zitzaidan burura galdera: gaizkile hutsa ala injustizia baten biktima ote zen? hortik abiatu nintzen, eta besteak beste, zuhaitz genealoikoa ere osatu nuen, baina erantzunak topatu ordez, gero eta ugariago agertzen zitzaizkidan galderak...", azaldu zuen idazleak liburuaren aurkezpenean.

Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak Salterainek egindako dokumentazio lana nabarmendu du. "Eleberri honetarako aukeratu dituen gertaeretan aukera zabala dago pertsonaien asmoez eta arrazoiez jarduteko eta gogoeta egiteko. Errepara diezaiogun, bestela, azpitituluari: Diru faltsua XVII. mendeko Durangaldean: iruzurra ala koroaren aurkako matxinada?". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!