Iñaki Rekalde Ogasun, Ekonomia Sustapen eta Enplegu arloko zinegotziak ekimen honek gabonetako kanpainan izango duen garrantzia azpimarratu gura izan du. "Pandemiak kalte gogorra egin dio askori etxeko ekonomian eta guk, udal gisa, baliabide guztiak erabiliko ditugu herritarrei laguntzko garai zail honetan", azaldu ohar baten bidez. Iraileko kanpainan 1.975 herritarrek 2.287 bonu erabili zituztela gogoratu du.
Hiru bonu mota banatuko ditu Abadiñoko Udalak: bonu urdinak (18 urtetik gorako herritarrentzat), bonu berdeak (65 urtetik gorakoentzat) eta bonu arrosak (langabetuentzat). 5, 30 eta 40 euroko deskontua lortu ahal izango da bonu horiekin, 10, 40 eta 50 eurotara iristen diren erosketetan, hurrenez hurren.
Bonuak abenduaren 1etik aurrera jaso ahal izango dira, eta 2021eko urtarrilaren 6ra arte erabili ahalko dira. Bonuak eskuratzeko, Udal Mediatekara, Matienako udal bulegoetara eta Errota kultur etxera jo behar dute herritarrek.