Euskal Herrian maila ezberdinetan jasaten ditugu hizkuntza eskubideen urraketak; Hizkuntz Eskubideen Behatokian egunero jasotzen ditugun herritarren salaketak dira horren adierazle. Oraingo honetan, baina, irakaskuntzan euskaraz lan egiteko eskubideaz hitz egin nahi nuke. Soila da galdera. EAEko irakasleek bermatuta al dute euskaraz lan egin ahal izatea?
Lehen gogoetan erantzuna baiezkoa izatea da ohikoena; hau da, D ereduan irakasten duten irakasleek bermatua dute euskaraz lan egitea. Baina, hezkuntza sistemako langile gisa, eta ikasleekin duten harremana albo batera utzita, aztertzekoa da sistemako agente ezberdinekin duten harremanen nolakotasuna hizkuntzaren ikuspegitik. Zenbatetan heltzen zaie oinarrizko informazioa edo informazio garrantzitsua gaztelaniaz? Zenbatetan egin dira gaztelaniaz bilera edo klaustro ezberdinak euskaraz ulertzen ez duen norbait kontratatu dutelako? Zenbatetan jasotzen da kanpo formakuntza gaztelaniaz jardun hori euskaraz izatea bigarren mailako behar bezala ikusi delako?
Hezkuntza Departamentuak adierazten duen bezala, indarrean dagoen araudiak ez du jasotzen eskubide subjektiborik Administrazioa behartzen duenik irakasleentzako prestakuntza hizkuntza jakin batean ematera. Eta are gehiago, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren hizkuntza eskubideak ezartzen dituen 10/1984 oinarrizko legean, ez da berariaz aipatzen lan prestakuntza euskaraz jasotzeko eskubidea. Ondorioz, gaur gaurkoz hezkuntza publikoan ez dago irakasleei prestakuntza euskaraz jasotzea bermatzen dien eskubiderik.
Gabezia honen adierazle garbia da Matienako Institutuko kasua. Gaur salatutakoaren arabera, D ereduko irakasle batek zentroak ezarritako derrigorrezko formakuntza saioa (printzipioz euskaraz izan behar zena), euskaraz egiteko aukerarik izan ez zuela salatu du. Formakuntza derrigorrez jaso behar zutela eta, gaztelaniaz jasotzeko aukera baino ez zutela jakinarazi zitzaien. Hainbat irakaslek beraien desadostasuna erakutsi arren, adierazitako irakasleak urrats bat aurrera ematea erabaki zuen; zuzendaritzari bere eskubidea zela argudiatuz, saioa euskaraz jaso ezean bere lan eta formakuntza orduak beste eskola jarduera batzuetara dedikatuko zituela adierazi zuen. Ondorioa? Formakuntzara ez agertzeagatik Hezkuntza Departamenduak zigorra jarri zion.
Zergatik egon behar gara prest ondorio kaltegarriren bat jasateko zerbait euskaraz egitea eskatzen dugun bakoitzean?
Nahi baino gehiagotan eta lurralde ezberdinetako eremu zein ikastetxe askotan, irakasleek baldintzatua ikusten dute euskaraz lan egin edo informazio eta formazio ezberdina hizkuntza honetan jasotzeko aukera. Eta bai, gisa honetako egoerak pentsatzen duguna baino maizago ematen dira. Hori horrela, nola sustatu euskara behar bezala hezkuntzan?
‘Huts administratiboa’, ‘presa’, ‘egoera koiunturala’ zein bestelako zerrenda luze bat, beti dira, antza, euskaldunok gure hizkuntza eskubideei uko egin behar izateko ‘arrazoia’. Edozein aitzakia erresignazioz hartzera behartuak gaude.
Baina sarritan ez gara ohartzen hizkuntza eskubideez ari garela, oinarrizko giza eskubideez. Behatokitik gogorarazi nahi diogu Eusko Jaurlaritzari Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren arabera, administrazio publikoek beraien kontroleko ekimen ekonomiko eta sozialetan gutxiagotutako hizkuntzen erabilera bultzatuko duten ekimenak sustatzeko konpromisoa dutela. ‘Sinesmen moral’ bat defendatzen ari zela erantzun zion Hezkuntza Departamenduak Matienako irakasleari. Baina ez, ez da ‘sinesmen morala’ D ereduko ikastetxe baten irakasleei eskaintzen zaien formakuntza euskaraz eskaintzea. Euskara hezkuntzan ongi txertatu nahi badugu irakasleen lanerako tresnak ere euskaraz eskaintzeak badu eta bere garrantzia.