Abadiñoko Institutuan hizkuntza eskubideen urraketa kasu bat gertatu dela salatu du Euskal Herrian Euskarazek

Aritz Maldonado 2020ko aza. 10a, 18:15

Salatutakoa 2019ko urrian gertatu zela azaldu du Euskal Herrian Euskaraz elkarteak Abadiñon eginiko agerraldian. 

2019ko urrian (9an, 16an eta 23an) Matienako Institutuan irakasleentzako formazio saioak eskaini zituzten, gaztelera hutsean; ikasleek jasaten dituzten tratu txarrak detektatzeari buruzko saioak ziren. "Lehen saioan irakasleen aldetik protesta sendoak egon ziren, baina aurrera egitea erabaki zen", azaldu du Sarai Isasi irakasleak, agerraldian parte hartu dutenen izenean. "D ereduko ikasguneak, euskaraz ikasteko ez ezik, euskaraz bizitzea posible den guneak izan behar dira, bai ikasleentzat, bai langileentzat", jarraitu du. Bigarren eta hirugarren saioak ere gaztelera hutsean izango zirela jakinda, zigorturiko irakaslea ez zen horietara agertu. Aurretik, Hizkuntza Eskubideen Behatokian eman zuen gertakarien berri.

Gertaera honen ondorioz, irakasleari diziplina espedientearen bidea ireki diote, eta soldatako lau orduri dagokion zigorra ezarri dio Hezkuntza Sailak. Euskal Herrian Euskaraz elkartearen arabera, horrelako gertaerek agerian uzten dute "euskarak hezkuntzan duen bigarren mailako egoera". 

Gertaeren arduradunak Hezkuntza Saila eta Matienako Institutuko zuzendaria direla azaldu dute agerraldian. "Hezkuntza Sailak hizkuntza eskubideak errespetatzeko ardura bere gain hartu beharrean, honi muzin egin eta egoera salatu duen irakaslea zigortu du", nabarmendu du Koldo Zarate EHEko kideak. Zuzendariaren kasuan, "lanetik piper egite kasu huts bat izango balitz bezala" jokatzea egotzi diote agerraldian.

"Izozmendiaren punta"

"Ez da soilik euskaraz egin, eta beraz, formazioa ere euskaraz jaso nahi duten irakasleek pairatzen duten eskubideen urraketa, hezkuntza sistema osoan euskarak oraindik ere bizi duen egoera ez normalizatuaren adierazle da", arrazoitu du Zaratek. "Auzi puntuala eman dezakeen arren, arazo estruktural orokor baten isla da, izozmendiaren punta".

Agerraldian Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak, egon dira, besteak beste; Meritxel Etxegibel eta Naiara Bildosola zinegotziek (EH Bildu) ere parte hartu dute bertan. Horrez gainera, zigorturiko irakasleari bere babesa agertu diete Durangaldeko AEK-k, Ernai eta Ikama antolakundeek, eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako kideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!