Zer da rallyjet modalitate hau?
Zirkuitu handi batean ordu erdiko txanda bi egiten ditugu. Bidean saltoak eta oztopoak daude eta nork arinago amaitu ibiltzen gara.
Itsasoa ez da etxeko leihotik ikusten duzun zerbait. Zelan zaletu zinen kirol honetara?
Aitak motoak konpontzen ditu eta txikitatik ezagutu ditut motoak, errobera bikoak ez badira, laukoak; eta bestela, kotxeak. Behin, orain hamar bat urte, Debako pertsona bati quad bat uretako moto batengaitik aldatu nion, zerbait berria probatu guran. Aitzol Arakistain da pertsona hori, Espainiako txapelketa lau-bost bider irabazi duen debatarra. Beragaz entrenatzen hasi nintzen. Hurrengo pausoa lasterketa batean parte hartzea izan zen. Apurka engantxatu egin nintzen eta gaur arte ekin diot.
Zer ematen dizu kirol honek hainbeste engantxatzeko?
Motordun kirola da, baina beste denetatik oso desberdina. Abiadura betean noanean ematen dizkidan sentsazioak ez dizkit beste ezerk ematen. Eta izan ditut auto eta moto potenteak, alderatu ahal izateko. Baina uretako sentsazio hori… oso berezia da.
Uretako motoa menderatu beharreko makina bat da?
400 zaldi ditu eta 130 kilometro orduko abiadura hartu dezake. Imajinatu zer den hori uretan. Gatxa da potentzia hori kontrolatzea.
Alde fisikoari begiratuta, gogorra ematen du.
Bada, bai. Batez ere itsaso mugitua dagoenean eta olatuak daudenean. Halakoetan oso nekagarria da eta fisikoki oso ondo prestatuta egotea eskatzen du, aurrean ibili gura baduzu. Jendeak imajinatu ere ez du egiten zer punturaino den gogorra.
Beraz, ez zara ur gezatako marinela.
Kantauri Itsasoan entrenatzen garenon artean ez dago horrelakorik. Gure kostaldean oso itsaso gogorra dugu, mugitua delako. Txapelketetan itsaso mugitua badago, gu hobeto ibiltzen gara, ohituta gaude eta. Urtegietan entrenatu gaitezke, baina ez litzateke berdina izango.
Beraz, gurago itsasoa zakar bare baino.
Askoz gurago. Itsaso bareagaz gorputzaldiak ez du hainbesteko garrantzirik, eta sarritan jesarrita joan zaitezke. Baina kondizio gogorretan, bi-hiru metroko olatuekin, eta hankapean 400 zaldiko makina daramazunean, egoera erabat aldatzen da. Uretako motoetan aritzeak, fisikoki ondo prestatzea eskatzen du eta harrikada apur bat izatea ere bai, dena esan behar bada.
Erorikoak mingarriak dira?
Bai. Ez da asfaltoa bezain arriskutsua, beti ez duzu minik hartzen, baina abiadura handian jausiz gero… Nik kolpe handiak hartu ditut saihetsetan, klabikulan… Uraren presioak min handia egiten du. Lagun batek femurra apurtu zuen.
Euskal Herrian gutxi zabiltzate uretako motoetan, ala dirudiena baino gehiago?
Geroago eta gehiago gabiltza. Orain hamar urte, ni hasi nintzenean, Durangaldean ez zebilen ia inor. Orain, hainbat dabiltza. Aulesti eta Gernika inguruan ere ezagutzen ditut. Gu Basque Riders motonautika klubean batzen gara. Abadiñoko taldea da. Kirol hau probatzera animatu gura ditut gazteak.
Aurrera begira, zer asmo duzu?
Frantziako txapelketa egin gura nuke, pilotorik onenak han daude eta. Greziako munduko txapelketan parte hartzea da beste helburu bat. Karibeko lasterketetan aritzea ere gustatuko litzaidake. Probarik gogorrenak eta politenak dira.