“Eskolako mantenuaz haratago doan lana izan da eta hala bizi izan dut”

Aitziber Basauri 2020ko urr. 30a, 13:21

Jose Luis Gangoitia 'Txanbo'k 65 urte egin zituen egunean, urriaren 25ean, hartu zuen erretiroa. Omenaldia ere egin zioten Traña-Matiena eskolako irakasle eta ikasleek, eta Guraso Elkarteak ere esker ona agertu dio. 22 urtean izan da ikastetxeko mantentze-arduraduna. Eguraldiak lagundu dion guztietan bizikletan joan da lanera.

Jose Luis ala 'Txanbo'?
'Txanbo' izenagaz ezagutzen naute Abadiñon. Amaren familiatik — Txanbolindarra­k— datorkit gaitzizena. Aitita Abadiñoko txistularia izan zen, osaba Julian ere bai. Nik ez diot bide horri jarraitu, putz egiten ere ez dakit eta!

Zelan hartu duzu omenaldia? Zein sentsazio dituzu erretiroa hartuta?
Sorpresa polita izan da. Apur bat  hunkitu ere egin naiz. Itxaroten egon naiz erretiroa noiz hartu, egun horretan zer sentiduko nuen... Pozik nago, beti gura izan dut 65 urtegaz eta osasuntsu jubilatu. Baina pena apur bat ematen dit eskola eta jendeagaz dudan hartu-emana uzteak, jakin arren ez ditudala galduko, hemendik ibiliko naiz eta.

Zelako lana da eskola bateko mantentze-lana eramatea?
Matxurak konpondu behar dira, mantentze-lanak bete, baina denborarik gehiena hartu-emanetan eta zaintzan joaten da. Edozein unetan suertatu daiteke umeei eta gurasoei jaramon egin behar izatea. Zuzendaritzak eskatuta, beste zenbait lan egitea ere gerta daiteke: pankarta bat ipintzea eskolako jaian, txitxiburduntzirako txingarra egitea... ikastetxe batean milaka eginbehar daude. Eta asko baloratzen dut mantentze-lanetatik kanpora dagoen beste lan hori, baina beste batzuek ez. Udalak ez du nire ordezkorik ipiniko. Mantenuaz haratago doan lana da eta hala bizi izan dut.

Hainbat belaunalditako Ikasleen artean oso maitatua izan zara. Irakasleen artean ere bai. Ez da gutxi!
Bai. Ikastetxetik irten duten ikasle askok agurtu egiten naute oraindino, eta batzuk ezagutu ere ez ditut egiten. Hasieratik jakin dut nora nentorren eta zelako lana zen nirea. Denok gara ama eta aita batenak. Bada, ezker eskua eta eskuma izan behar dira. Lehentasuna zehaztu eta denera heldu naiz. Aurrez aurre joatea, hori izan da nik egin dudana.

Zu zeu ikasle ona izan zara?
Apur bat burugogorra izan naiz eta lan asko egin behar izan nuen.

Orain denbora gehiago izango duzu zeure zaletasunetarako.
Beti izan naiz oso kirolaria. Futbolaria, pilotaria, eta azken urteetan korrikalaria. Behobia-Donostia hamabi bat bider egin dut, eta Donostiako maratoia ere bai 1992an. Maratoi erdiren batzuk ere egin ditut. Korrika egiteak sortzen duen adikzioaz osatzen nabil; ez dakit gura dudan! (barrez). Oinez eta korrika, txandaka ibiltzen naiz, eta jarraituko dut osasuna utzi bitartean.

Abadiño futbol taldeko sortzaileetariko bat izan zinen.
Hala da. Arineketan ona nintzen, baina indarra falta nuen. Proba bat ere egin nuen 3. mailan jokatzen zuen Getxo taldeagaz. Pilotan ere indarra falta nuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!