Kepa Arroitajauregiren oroimenezko txapelketa azken txanpara heldu da eta gaurko jardunaldian erabakiko dira finalistak

Joseba Derteano 2020ko urr. 23a, 11:30

Kepa Arroitajauregiren oroimenezko txapelketa azken txanpan sartuta dago. Finalista erdiak erabakita daude eta euren aurkariak nortzuk izango diren jakitea falta da. 18:30ean jokatuko dira falta diren finalerdiak, Tornosolo trinketean.

Emakumeen paleta goman, Ane Ibañezek eta Nagore Martinek Lorena Sobrinoren eta Marina Saezen aurka jokatuko dute. Lau pilotariak arabarrak dira. Ibañez eta Martin dira faboritoak finalera sailkatzeko, baina adituek partidu orekatua itxaroten dute.

Bikote irabazleak Maider Mendizabal eta Leire Galdos hartuko ditu finalean. Gipuzkoarrek Elena Agullo eta Maite Ruiz de Larramendi kanporatu zituzten finalerdietan (30-23), oso itxura ona eskainita. Hasieratik amaierara oso partidu serioa jokatu zuten.

Gizonen paleta gomako bikote bat Durangaldekoa da. Mikel Iraurgi abadiñarrak eta Tornosolo klubeko Iñigo Arrietak Unai Sagarzazu irundarraren eta Ignacio Clua argentinarraren —Bilbon bizi da—  kontra jokatuko dute. Partidu honetan ere ez dago faborito argirik.

Gizonetan etxeko lanak dagoeneko eginda dituztenak Aritz Larrarte eta Gorka Pablos dira. Finalerdietako norgehiagokan goitik behera nagusitu zitzaizkien Eslava eta Purroy-ri: 30-13. Pablosek hainbat tanto amaitu zituen pilotari emandako efekto bereziak baliatuz, eta Larrarte beti bezain borrokalari ibili zen atzean partidu osoan zehar.

Larralde-Aspuru finalean
Esku pilotan Peio Larralde eta Asier Aspuru abadiñarra bikotekako finalerako sailkatuta daude. Joan zen astean lortu zuten txartela, Ospitalek eta Ugaldek osatutako bikoteari errepasoa emanda: 40-17. Partidu erdira arte lehia estua izan zen (17-14), baina ordutik aurrera, irabazleak ia zuzenean joan ziren 40ra. Larralde izan zen lauretan onena eta sasoi betean dagoela erakutsi zuen. Aspuruk seguru jokatu zuen eta sendotasuna eman zion bikoteari.

Hauen aurkariak atzo iluntzean erabaki ziren Arabiourrutia-Ducassou eta Ziarrusta Guichantut bikoteen arteko finalerdian.

Final guztiak hurrengo barikuan jokatuko dira, urriaren 30ean. Azkenaldian Abadiñon izan diren COVID-19 kasuak direla-eta, baliteke finalak ikuslerik barik jokatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!