“Esateko zailak zaizkigun egoerak ulertzen laguntzen digu poesiak, minarenak zein plazerarenak”

Aritz Maldonado 2020ko urr. 10a, 11:45

Xabier Leteren poemek beragan izandako eraginaz eta sorkuntzaren balio terapeutikoaz berba egiten du Ainhoa Urienek (Abadiño, 1995) bere lehenengo liburuan. Gogotsu dago, gainera, irakurleagaz solasaldietan irakurketak sorturikoak partekatzeko. Liburuaren azala Gotzon Garaizabal elorriarrak egin du.

'Poesia, zaurien ukendu'. Terapeutikoa da sortzea?
Ez dakit terapia berba egokia den, baina bada aringarri bat, hobeto sentiarazteko modu bat. Eta ikusi nuen Leteren poemetan ere bazegoela hori. Niri on egiten didanak beste batzuei ere on egiten diela kontatzen ahalegindu naiz. Esate baterako, Martxel Mariskalen eta Alaine Agirreren kasuak agertzen dira. Badago jende bat bere egoeragaitik bultzatuta egon dena sufrimendutik idaztera, baina ez nuke gura liburua sufrimenduari buruzko lantzat hartzea. Funtsean, ulertzen eta esaten zailak zaizkigun egoerak ulertzen eta adierazten laguntzen digu poesiak, minak sortutako egoerak zein plazerak sortutakoak.

Egunsentiaren esku izoztuak irakurri nuenean, ez nuen imajinatu ere egiten honen guztiaren lehenengo hazia izango zenik; irakurri nuenean, zerbait mugitu zidan barruan, eta hor hasi zen bidaia, nik jakin barik. Horren ostean, unibertsitaterako egin nuen lana dago. Banituen ideia batzuk lanerako.  Irakurrita nituen Leteren poemak, eta, aztertu ostean, urte askoan gaixorik egon zela ikusi nuen; ikusi nuen parekatu zitezkeela Lete gaixorik egotea eta sorkuntza terapeutikoa zela. Horixe erakusten zuten bere poemek. Azkenik, Joxerra Gartzia ezagutu nuen. Lana irakurri, eta, ukitu akademikoa kenduta, liburua egitea posible zela ikusi zuen. Bere ideia izan zen. Hiru mugarri horiek aipatuko nituzke.

Bidaia bat proposatzen diozu irakurleari.
Bidaia bat kontatzea da nire helburua, eta idazkeraren bitartez bidaia horretan konplize egin gura dut irakurlea. Eta hor bide bi daude: batetik, nire bide propioa, poema horiek irakurtzean sortu dizkidatenak kontatzen dudana, eta, bestetik, poesia edo sorkuntza terapeutikoa izan daitekeen aztertzen dudana.

Poemak agertzen dira, baina ez da poesia liburu bat. Estilo aldetik ere bilatu duzu konplizitate bat.
Bai, idazkeraren bitartez edukia interesgarri egingo zaiola irakurleari uste dut. Leteren figura amu bat da neurri batean. Poesia asko du, baina ez da poesia liburua; saiakera literario berezi bat da, normalean ikerketak izaten direlako, baina ez da honen kasua. Esango nuke oso saiakera literario pertsonala dela, kutsu poetikoduna. Ez da erraza kalifikatzeko.

Bidaia horretan, zein da hurrengo geltokia?
Liburuaren aurkezpenak egin baino, solasaldiak egitea gustatuko litzaidake. Zoragarria litzateke  irakurleen iritzia entzutea. Hau ez da lan akademiko bat. Beharbada, hemendik hamar urtera ez dut berdin pentsatuko, eta, beraz, irakurlearen iritzia entzun gura nuke. Bizitzan uneoro izaten ari gara, ez dut uste izate estatiko bat dugunik. Eta hori aldatzen den modu berean ere aldatuko da irakurketa.

Irakurri, entzun, bizi eta idatzi. Horixe izan da zure metodologia liburua idazterakoan.
Sekulako abiaduran eta estimulu pilo baten pean bizi gara. Dena eskura dugu, eta ez dugu ezer egiten aldi berean. Asko kostatzen zaigu geratzea, jendeagaz egotea eta berba egitea. Jendeagaz egonda egin dut liburua, hain zuzen ere. Eta horixe izan da nire bidaia, jendeagaz egon ahal izate hori. Ez da erraza, baina egin daiteke. Eta sinesten dut sortzea norbere burua zaintzeko modu bat dela dioen teorian. Batzuek pintatu egiten dute, beste batzuek dantzan, baina zerbait kontatzen duzunean, lasaitu egiten zara.

Hamarkada beteko da Xabier Lete hil zela. Aitortza falta bat dagoela iradokitzen duzu liburuan.
Urteurren honek kasualitatez harrapatu nau, badakit lan batzuk publikatzekoak zirela honen harira, baina ez da nirearen kasua. Uste dut maitasun-gorroto bat dagoela Leterekiko. Mikel Laboa, adibidez, aho batez da maitatua. Leteren kasuan, baliteke EAJko diputatua izateak jende bat urruntzea eragitea. Iruditzen zait ez zaiola egiten merezi duen aitortza. Liburuan ere aipatzen dut. Konturatzen ez garen hainbat gauza eman dizkigu Letek: Nork ez du abestu Xalbadorren heriotzean? Era berean, Izarren hautsa ere himno bat da, bertsotan erabiltzen diren doinu mordoa ere bereak dira, eta itzulpenen bitartez, Jacques Brelen kasuan legez, ordura arte hemen ezagutzen ez ziren korronte filosofikoak ekarri zituen. Eta ez dago plazarik edo kalerik bere izenagaz. Bere lana gustatu edo ez, egindako ekarpena itzela da. Nire liburua ez doa hortik, baina hori azpimarratu gura nuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!