“Mantsoa, formala eta maitakorra da Handi; bere moduko gutxi daude”

Aitziber Basauri 2020ko ira. 27a, 10:00

Bere izenari ohore eginez, munduko behirik handiena da Handi. Gazteluko behia da, Jacinto Iturriagaetxebarriaren baserrikoa, eta zazpi urte ditu. Ekainean 1.494 kilo zituen eta "ondo mimatuta" hazi den abelburua da. Carnicas Olaldek erosi du Handi eta www.oldeko.com webgunearen bitartez egongo da okela eskuragarri.

Munduko behirik handiena hazi duzu. Ez da errekor makala...
Hala diote! Ekainean pisatu genuenean, Handik sei kilo falta zituen 1.500 kilo hartzeko. Aurretik ere neuk nuen errekorra: 1.480 kiloko behia eduki nuen (kanalean 994 kilo). Ez dakit neure errekorra apurtuko dudan, baina lodi dago Handi. Ondo mimatuta daukat. Itxaropena dugu. San Blas feriara eramateko kapritxoa nuen, baina pisu handia du eta min hartzeko arriskua.

Zein da sekretua horrela hazteko?
Ondo zainduta daukat. Gainean egon beharra dago. Arin galtzen dute pisua, eta astiro hartzen dute. Badaude 1.100etik 1.200era kilo bitarteko behiak, asko, baina hortik gorakoak… Astean behin garbitzen dut Handi eta 10 kilo pentsu jaten du egunero (goizean eta iluntzean banatuta). Lastoa eta bedarra ere jaten ditu, jakina. Hala ere, gazteagoa zenean 14 kilo pentsu jaten zuen. Zelako apetitua duen ikusi behar da, hori bai, gehiago edo gutxiago emateko. Behi hauek armazoi handia dute, handiak eta luzeak dira, eta astiro-astiro hazi behar dira. Bere landan daukat, bakar-bakarrik, minik hartu ez dezan.

Hainbat komunikabide eta bisitari etorri dira Handi ikustera. Celebrity-ak bihurtu zarete.
Bai (barrez). Asko dira Handi ikustera etorri direnak, kasu egiten diotenak. Eta bidetik apur bat aldendu egin behar izan dut, baserrira hurbildu dut. Paseoan doazen asko hurbildu zaizkio, “Handi, altxatu zaitez!” esateko.

Harrotasun puntu bat ere sortzen da halako behia hazita?
Pozik nago, bai, baina horregaitik ezin da harrotu. Egia da suerte apur bat be eduki behar dela. Asmatu egin behar da behiagaz; gatxa da halako pisua hartu dezakeen behia topatzea. Frantzian asko ibilia naiz, baina ez dut horrelako behi handirik topatu. Hemen, baserrian, jaioa da Handi. Guk asmatu egin genuen, besterik ez.

Zelakoa da Handi?
Mantsoa da, formala, eta oso maitakorra. Bere moduko gutxi daude. Ezagutzen nau.

Esperientzia handia duzu behiak hazten, ezta?
Zaletasun handia dut. Beti gustatu izan zaizkit behiak, 13 bat urte izango nituen behiak gobernatzen hasi nintzela. Denean lez, jaramon egin behar zaie behiei, zaindu egin behar dira, gustuagaz, eta aintzat hartu. Lo egiteko azpia ona izatea oso garrantzitsua da, jatekoaren ostean inportanteena. Ganadua, horrela, hazi egiten da. Sei hilegaz, urtebetegaz, ondo gobernatzen hasita, ondo hazten da.

Beste afizio bat ere baduzu: tangoa
Bai, emaztea eta biok tangoa dantzatzen ibiltzen gara, hemengo inguruko jaietan (Salbadoren, Galdakaon….): 15 kopa ditugu. Autodidaktak izan gara. 20 urtegaz hasi ginen, eta apurka hasi ginen dantzatzen. Pasodoblea, balsa eta tangoa dantzatzen genituen, eta errezena eta gustukoena egin zitzaigun tangoa. Orain koronabirusa dela-eta ez dago aukera askorik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!